Getxophoto disfrutetako azken egunak

Bizkaie! 2025-06-19 13:45   Kulturea

Aurtongoa orain arte egindakoetatik arrakastsuena izan da.

Datorren domekan, bagilaren 22an, amaituko da Getxophoto 2025. Egun honeek dira, beraz, aurtongo programazinoa osotu daben 23 erakusketa eta instalazinoak ikusteko azken egunak.

Getxophotok María Ptqk bilbotarra izan dau komisario eta zuzendari artistiko hirugarren urtez jarraian. Halanda ze, Rec gaiagaz zarratu dau haren trilogia, Pausa (2023) eta Play (2024) gaiak aurretik jorratu ondoren.

Atontzaileek ondokoa nabarmendu dabe: programazio zabala eta ugaria, jarduerek izan daben erantzun bikaina parte-hartzaile eta bisitarien aldetik, aurrekoetan baino bisitari gehiago eta komunikabideen harrera bikaina nabarmendu gura doguz eta esan daiteke, 19. edizinoa, orain arte egin diran guztien artean arrakastatsuena izan dala.

Betiko lez, instalazinoak espazio publikoetan dagoz, esaterako San Nikolas plazan, Ereaga hondartzan, Punta Begoña galerietan edota Algortako Azokan. Guztiak doban dira. Urian zehar oinez eta modu lasaian diseinautako ibildidea proponiduten dau Jaialdiak.

Getxophoto ezagutzeko, gomendagarriena bisitea Algortako Azokearen barruan dagoan Info Puntuan hastea da. Berton mapak eta beharrezko informazino guztia topau daiteke.

Aste honeetan egiaztau dogunez, Euskal Herri osotik eta Kantabria, Asturias edo Errioxa lako erkidego mugakideetatik ezeze, Bartzelona edo Madril lako beste uri batzuetatik be etorritako ikusleen bisitea jaso dau jaialdiak. Era berean, Holandatik, Italiatik, Frantziatik eta baita Kanadatik be etorri diran bisitarien presentzia igarri da.

Datu batzuk aitatzearren, barruko aretoetan dagozan hamar erakusketak 5.000 lagun inguruk ikusi ditue. Ganera, zehero jakitea ezinezkoa bada be, atontzaileek uste dabe kanpoko instalazinoak 75.000 lagunek baino gehiagok ikusi dituela.

Datuak 

  • 25 egun.
  • 23 erakusketa eta instalazino.
  • 24 artista 16 herrialdetakoak.
  • 21 jarduera paralelo.
  • 5.000 bisitari aretoetan (gitxi gorabehera).
  • 75.000 bisitari kanpoko instalazinoetan (gitxi gorabehera).
  • 37.000 bisitari webgunean.
  • Jardueretan 2.500 parte-hartzaile zuzen baino gehiago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu