Caritas Bizkaiak 2024ko memoria aurkeztu dau
2025-06-19 12:14 Pil-pilean12.000 persona baino gehiago artatu ditue.

2024an, Caritas Bizkaiak 12.096 personari emon deutse bide-laguntzea (% 52 emakumeak), Lurralde Historiko osoan banatutako 249 proiekturen bidez. Personak erdigunean jarten dituan esku-hartze batetik, eskubideetan, hartu-emonetan eta eraldaketa personal eta estrukturalean oinarrituta, bizi-ibilbide bakotxaren konplejutasuna autortzen dauen begirada bategaz, holan adierazo dabe Elena Unzueta Caritas Bizkaiako zuzendariak eta Ana Sofi Telletxea Analisi eta Garapen Saileko arduradunak Caritasek egindakoa.
Boluntarioak, gitxi gora behera, 1.700 izan dira (% 78 emakumeak).
Erakundeak egiaztau dauenez, persona ahulenen aurpegiak eta errealidadeak ez dira aldatu, bizimodu hobea izateko itxaropenak baizik. Igogailu soziala geldi dago aukeren gizartera pasetan debekatuta daben persona batzuentzat. Prekariedadea da araua eta milaka personen helmuga. Ekonomiaren eta enpleguaren prekariedadea, etxebizitza duin eta egonkorra lortzeko ezintasuna, erroldatzeko zaltasunak, bakardadea eta osasun mentalaren porrota dira egoeren gero eta konplejutasun handiagoan kurutzetan diran faktoreak.
Umeak eta gazteak, pobrezia-egoeran dagozen familiak, etxerik bako personak, emakumeak eta migratzaileak dira kaltetuenak, batez be, egoera irregularrean dagozenak. Halanda ze, Caritas Bizkaian, 2023tik 2024ra arreta handitu daben programak, sustapen sozial eta personalagaz, laguntza juridikoagaz eta arreta psikologikoagaz lotuta dagoz.
Egoera horrek gainditzeko Cartas Bizkaiak dei egiten dau kolektibo horreengana (batez be, umeengana) iristen diran gizarte-politiketan aurrera egiteko, komunidade-loturak berreregiteko eta alkartasun eta bizikidetza-balioetan hazteko.
Bide-laguntzea
Bide-laguntzea jaso daben personak seme-alabak babesean dituen familiak, umeak, nerabeak eta gazteak dira. Artatutako familien % 65ek seme-alabak zituen familiak ziran, batez be, bazterketa-arrisku berezia ebenak. Halanda ze, 1.100 heldu, neskato eta mutiko inguruk jaso eben bide-laguntzea eta ahalegin berezia egin zan 2024an umeak babesteko protokoloen prestakuntzan eta aplikazinoan.
Gazteria eta Emanzipazino Arloa bazterkeria-egoeran egoazen 160 gazteren prozesuegaz batera joan zan, familia eta gizarte-sare gitxi edo baliogabeekaz.
Jatorriari jagokonez, % 68a 100 herrialde baino gehiagotatik etorritako etorkinak ziran: gehienak, % 49a, Latinoamerikatik.
Personei bizitzako etapa guztietan emon jake laguntzea: artatutakoen % 19, 18 urtetik beherakoak izan ziran eta % 19, 29 urtetik beherakoak. Bide-laguntza jaso ebenen artean, 6.400 gora ( % 57 emakumeak) 30 eta 64 urte bitartekoak ziran eta 760 persona baino gehiagok ( % 76 emakumeak) 65 urte baino gehiago.
Gizarte egoera eta testuinguruak
Caritas Bizkaiak egiaztatu dau egoerak konplejuagoak bihurtu eta prekarideadea eta ziurgabetasuna talde ahulenen bizitzan ezartzen dirala. Holan, bide-laguntza jasotako personen bizitzan ahultasuna eta gizarte-bazterketa sortuz batera jardun daben 4 funtsezko faktore identifiketan ditu:
- Osasun mentalean dauen eragina eta osasun-arreta jasoteko zailtasunak.
- Bakardadea eta komunidade-desatxikimendua.
- Konpromiso soziala eta hurreratasuna.
- Pobrezia, kalteberatasuna eta gizarte-bazterkeria eragiten daben kausak eraldatzearen aldeko deia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!