Estaduko lau hizkuntza ofizialetan egindako lehen telesaila iragarri dabe
2025-06-19 08:26 ZinemeaPensión incompleta 2026an estreinauko da.
_content.jpg)
Euskadiko, Kataluniako eta Galiziako telebista publikoek, EITBk, 3Catek eta TVGk, Pensión Incompleta izeneko fikzino-proiektua sortu dabe, Conecta Fiction Jaialdiaren barruan. Estaduko ikus-entzunezkoen esparruan, lau hizkuntza ofizialetan grabautako lehen seriea da: galizierea, euskerea, katalana eta gaztelania erabiliko dira.
Garapen fasean egon arren, uda amaierarako aurreikusita dago filmaketearen hasierea. Hiru erakunde publikoek sortutako fikzinoko lehen koprodukzinoa da. Hirurek bat egin dabe kultur sustraiak, lurralde ikuspegia eta nazinoarteko bokazinoa dauen proiektu partekatua sortzeko.
Proiektua, gainera, Voz Audiovisual enpresa galiziarragaz batera produziduko dabe. Enpresa horrek esperientzia handia dauka fikzinoko telesailetan eta berak hartuko dau filmaketearen kudeaketea eta produzkino plana. Horrezaz gan, AGADICek diruz lagundu dau telesaila.
Galizia, Euskadi eta Kataluniako profesionalak alkarren artean landutako gidoia da proposamenaren oinarria. Lan formula horrek lurraldeen arteko lankidetzarako bide barria edegiteaz gan, norberaren kultureak eta hizkuntza-aberastasuna motor narratibo bezela estimetan ditu.
Telesaila road movie bezela garatuko dabe eta estaduko hiru lurralde historiko honeetan, Galizia, Euskadi eta Katalunia, filmetea aurreikusi dabe. Bokazino sinbolikoaz gan, ibilbideak eragin zuzena izango dau hiru komunidadeen kultura, artea eta paisaje-ondarea balioan jarteko.
Pensión Incompleta koprodukzino publikoko formatuetan barrikuntzearen aldeko jarrera estrategikoa da eta etorkizunean lankidetzan jarraitzeko bidea errazten dau.
Telesaila Cuencan aurkeztu dabe hiru erakundeetako edukiak saileko arduradunek: Montse Besada TVGko eduki zerbitzu-buruak, Gorka García ETBko Arte eta Entretenimendu zuzendariak eta Oriol Sala-Patau 3CATeko Fikzino eta Zinema Saileko buruak.
Pensión Incompleta: itxuraz maitagarriak diran Imsersoko bidaiari taldea da telesailaren abiapuntua. Bat-batean artelan batzuen desagerpenaren susmagarri nagusi izango dira. Serie korala, publiko guztiarentzat eta 2026an helduko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!