Drone jantzaria, patinatzaile txoriburua eta Kubako erritmoen eskola edegia...

Bizkaie! 2025-06-18 10:43   Kulturea

Lekuz Leku 2025 Dantza Jaialdiko hamabost proposamenetako batzuk dira.

XXI. Nazinoarteko Dantza Jaialdia Bilbon izango da bagilaren 25etik 28ra. Jarduera guztiak, mosu-truke.

Jantza garaikideko hamar bat lanek Guggenheim eta Euskalduna arteko Nerbioi erriberea hartuko dabe herritarrak eta turistak ahoa zabalik ixteko asmoagaz.

Deustuko La Fundición Aretoa da atontzailea eta, barriro be, 2005. urtetik egiten dauenez, espazio publikoa hartu eta herritarrak eta turistak harritu egingo ditu, izan be, jantza garaikideko ikuskizunak topauko ditue uriko lorategi-inguru jentetsuenetako batean, Abandoibarran, hain zuzen be. Guggenheim Bilbao Museoaren eta Euskalduna Jauregiaren arteko kilometroa, Nerbioi erriberan barrena, izango da uri-agertoki handia hamar bat konpainientzat, bati bertoko, bai Estaduko, bai nazinoartekoentzat, hilaren 27an –barikuan– eta 28an –zapatuan–, 19:00retatik aurrera. Leku askotan egingo dabe jantzan, aire zabaleko jantzaldi ibiltaria be baita. Beraz, heliozko puxika zuri handi batzuek, Lekuz Leku berbakaz, inguru horren gainetik hegaz egingo dabe momentu bakotxean emonaldi bat non egiten dabizen adierazoteko.

Barikuan (27an), Swan pieza originala ikusteko aukerea egongo da. Gaetano Palermo italiar performerrak sortu dau eta Veneziako Biurtekoak produzidu. Patinatzaile aztoragarri bat, maskarea jantzita (Rita Di Leok antzeztua), temati egindako ibilbide eliptikoetan flotetan ei dago dramea sortu arte. Jantza eta antzerkitik harago doa proposamena, elementu artistikotzat kirola be erabilita eta errealidadea eta fikzinoa buztartzen ditu ikusleen artean egonezina sortzeko, ikusleak boluntario ala ezusteko oinezko izan, Palermok zehaztu dauenez.

Egun berean, beste artista batzuen ikuskizunak be egongo dira ikusgai: Yūgen euskal eta madrildar hirukotea (jantza garaikidea eta jantza urbanoak buztatzen dituan Nexum piezearen eskutik), Colectivo Banquet laukote madrildarra (jagoletzea ardatz komunidadeariari eskaitako kantua dan Seu aquí piezearen eskutik) edo Ainhoa Usandizaga gipuzkoarra (prokrastinazioari buruzko Bihar bakarrizketearen eskutik). Gauari La Fundición Aretoan emongo jako amaierea, Natalia García Muro bizkaitarraren El espacio de los límites bakar-saioa ikusteko aukerea egongo da (sartzea mosu-truke).

Zapatuko programazinoa Guggenheim Bilbao Museoaren zabaldegian hasiko da, 19:00retan, Ia, ia, alai 12 jantzariren eskutik. Matxalen Bilbao (Mutis Espazioa) arduratzen da lanaren koreografiaz eta zuzendaritzaz. Era berean, nabarmentzekoa da Sitios y lugares eskulturearen inguruan (Las tazas bezela ezagutzen dana) Todo este ruido jantza-piezea, Qabalum nafarrena, gorputz bi eta drone bat hirukoteak antzeztua. Zientzia-fikzinoko eta efektu berezien imaginarioaren aurreko liluratik sortu da eta, euren, jantzan eginez adierazoten dana, etorkizun posible bat marrazten dauena. Egun horretako sei ikuskizunak biribiltzeko, ondokoek be parte hartuko dabe: Lasala gipuzkoarrak (Burnt laukotearen eskutik), Carla Sisteré konpainia katalana (Sadnessländ hirukotearen eskutik) eta Fran Sieira konpainia galiziarra (Galiziako folklorearen eta jantza garaikidearen arteko buztarketea eta genero-estereotipoak dudan jarten dituan Un baile ceibe lanaren eskutik). Gaua 21:30ean amaituko da, Guggenheim Bilbao Museoaren zabaldegian, Kubako erritmoen eskola edegi Ahora bailo yo izenekoaren eskutik. Kubako Dantza Konpainia Nazionaleko jantzari ohi Denis Martínezek, egun Euskadin bizi danak, zeremonia-maisu lez jardungo dau azken saio parte-hartzaile horretan, eta ondoren, ikusleak eta artisteak mokaduak izango ditue prest, musu-truke, La Fundición Aretoan (22:00etatik aurrera).

Alan da be, Lekuz Leku 2025 astegoieneko kaleko egun bi horreen aurretik hasiko da, izan be, bagilaren 25ean eta 26an, Coreografías de la mirada/Agerikoa tailerra izango da. Jantza esperientziarik ez dabenentzat atondu da –bai ikusteko desgaitasunen bat dabenentzat, bai ondo ikusten dabenentzat–. Eneko Lorente dau komisario, EHUko irakaslea eta ikertzailea, arte eszenikoetan eta mobimentuan espezialistea, itsutasun-egoeran gorputz-mobimenduagaz esperimentetako konbita eginez, kultura bisual garaikideari buruzko hausnarketa kritikoa egiteko, azaldu dau Lorentek berak. Izen-emotea musu-truke da eta jantza komunitarioko proposamenean parte hartu nahi izatea da asmoa. WhatsApp (665 70 29 20), helbide eletroniko (info@lafundicion.org) edo telefono (944 75 33 27) bidez emon daiteke izena.

Begiradari buruzko proiektu horren arloan, Lekuz Leku jaialdiak 25 urte bete dituan Dancer in the Dark (J.B.G.A.) filma emongo dau. Lars von Trier da zuzendaria eta Björk eta Catherine Deneuve, antzezleak. Filman Vincent Patersonen koreografiak agertzen dira eta ikusmen-galerako prozesu bat kontetan da. Euskal Herriko Arkitektoen Alkargo Ofizialean emongo da filma (COAVN - Mazarredo zumarkalea 69), hilaren 26an –eguenean–, 19:00retatik aurrera. Sartzea doban. Filmaren ostean, mahai-inguru bat egongo da, Lorentek zuzendurikoa.

Lekuz Leku 2025 Jaialdiak atondutako hamabost jarduerak doban dira.

Ohiz Kanpoko Lekuetako Dantza Garaikideko Jaialdien Sare ACIELOABIERTOko partaidea da Bilboko Jaialdia. Erakunde horrek hogeitik gora ekitaldi batzen ditu Estaduan.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu