Autortzea egin deutse 30 amamari
2025-06-17 12:43 KultureaAmama Influencer proiektuan parte-hartzeagaitik.

Enkarterrietako Museoak, Sodupeko Kultur Etxean egindako ekitaldian, Enkarterriko emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko Amama Influencer proiektuan parte hartu daben edadeko hogeita hamar bat emakume autortu ditu. Proiektuan Sodupeko Eretza Berri Institutuko Bigarren Hezkuntzako berrogeta hamar bat ikaslek be hartu dabe parte.
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen esku dagoan Enkarterrietako Museoko Hezkuntza departamentuak diseinau eta garatutako proiektuak ahanzturatik atara ditu hamarkadetan isildutako emakumeen testigantzak. Ikasleen artean genero-ikuspegia oinarri hartuta behar egiteak, kutsu historikoa edota etnografikoa daben jardueren bidez, emakumeen joana ulertzea eta bardintasunezko gizartea eregiten lagunduko daben erreferenteak topetea ahalbidetu dau.
Zezeiletik bagilera arteko proiektuaren helburu nagusia Kadagua ibaiaren arroko emakumeen memoria historikoa berreskuratzea izan da, hainbat hamarkadatan industriagaz hartu-emon estuak izan eben emakumeen historietan sakonduz. Holan, enpatia historikoa eta emakumeen testigantzen entzute aktiboa teknologia barrien erabilereagaz konbinauta, ikasleak arbasoen joana berreskuratzean oinarrituta.
Alkarrizketautako amamak, 30 guztira, belaunaldi gazteenen erreferente edo influencer bihurtu dira aste batzuetan. Belaunaldi bien artean, XX. mendearen erdialdetik Kadaguako lantegietan ehundaka industria-lanpostu beteteko kapaz izan ziran emakumeen bizipenak aaera ditue argitara.
Ekitaldia
Sodupen egindako autortzan, Enkarterrietako Museoko hezitzaileen eta Eretza Berri Ikastetxeko arduradunen esker oneko berba batzuen ostean, ikasleek egindako ikus-entzunezkoa ikusi da. Bideoan, amamek jasandako migrazino-esperientziak, emakume izate hutsagaitik gaztezaroan askatasunik ez izateari buruz egindako etenbako aitamenak eta belaunaldi barriei eskubide sozialen aldeko jarrereagaz jarraitzeko egindako etenbako konbita nabarmendu ditue. Emakume horreetako gehienei ez jaken ikasteko aukerarik emon eta horregaitik hezkuntzak garapen personalerako oinarrizko tresna lez dauen garrantzia azpimarratu dabe.
Sodupeko ikastetxeko irakasleentzat, Amama influencer proiektua maila askotan aberasgarria izan da. Alde batetik, Kadagua ibaiaren bailarako industrializazino prozesu osoa eta bertotik eratorritako gizarte, urigintza eta ingurumen arloetako eraldaketak bertatik bertara ikasteko aukerea emon deutse gaztetxoei. Bestalde, proiektuak emakumeen bizitza eta historian zehar egindako ekarpena ezagutu eta autortzeko aukerea emon dau, askotan testuliburuetan ahaztuta geratzen diran gaiak. Informazinoa batzea, alkarrizketak... ikerketa-prozesua bera ikasteko oso metodologia eraginkorra dala erakutsi da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!