Sensibilizazino kanpainea bultzatu dabe bagilaren 28KO LGTBIQ+ Egunaren harian

Bizkaie! 2025-06-17 10:26   Pil-pilean

Bagilaren 19tik 28ra Casilda Iturrizarreko iturria eta Abandoibarrako farolak argiztatuko dira.



Bilboko Udalaren asmoa da LGTBIQ+ personen eskubideak babestu eta sustatzea eta Oso Harro goiburuaren bidez erakustea Bilbo uri inklusiboa, edegia eta segurua dala. Bilbao Bizkaia Harro ekitaldiagaz bat etorrita, bagilaren 28an, udaletxeko fatxada nagusia ortzadar koloreakaz agertuko da, bardintasunagaz, askatasunagaz eta aniztasunagaz dauen konpromiso sendoa berretsiz, sexu-orientazinoa, identidadea edo genero-adierazpena edozein izanda be.

Bardintasun eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasunek azaldu dauenez, LGTBIQ+ kolektiboaren errealidadeari buruzko kontzientzia sortu behar dogu herritarren artean, hareen bizipenak eta erronkak zabaldu. Uri bardinzaleago, anitzago eta inklusiboago baterantz aurrera egitea be bada helburua, persona guztiek beren identidadea askatasunez eta bildurrik barik bizi daitezan

Ikusgarritasun Lesbikoaren Egunean (apirilak 26) eta Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren kontrako Nazinoarteko Egunean (maiatzak 17) jazo zan lez, Oso Harro mezua indartzen dauen kanpaina instituzional bat aurkeztu da, hemen persona guztiek baitabe lekua, adierazo dau Itziar Urtasunek. Irudiagaz batera LGTBIQ+ berbea gehitu jako, ortzadarraren koloreakaz, aniztasuna balio kolektiboa dala azpimarratzeko.

Sormen-lan hori hainbat euskarri fisikotan zabalduko da, besteak beste, uri-altzarietan, udal-egoitzetako pantaila digitaletan eta Bilboko Udalaren wegunean, bai eta Udalak sare sozialetan dituan kontuetan be.

Kontuak kontu, bagilaren 19tik 28ra Casilda Iturrizar parkeko pergolako iturria eta Abandoibarrako farolak LGTBIQ+ banderearen koloreakaz argiztatuko dira, Bilbao Bizkaia Harro ekitaldiagaz bat etorrita.

Bestalde, Udaletxeko fatxadea ortzadarraren koloreak dituen argiakaz dekorauko da bagilaren 28ko gauean, LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazinoarteko Egunagaz bat etorrita.

Bilbo musikaz, kolorez, harrotasunez eta karrozaz beteko da bagilaren 19tik 22ra, Bilbao Bizkaia Harro plataformeak atondutako programazino bereziagaz. Bilboko udalaren laguntzea dau ekitaldi horrek. Nobedadeen artean, bagilaren 21ean errebindikazino-ibilaldi batek Bilbao Bizkaia Harroren esentzia gidatuko dau eta aniztasuna, aniztasunagazko errespetua, baterako lana eta poza erabiliko ditu ikusarazoteko eta burrukatzeko tresna modura.

Egun horreetan, Zinegoak, Bilboko Gay-Lesbi-Trans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazinoarteko XXI. Jaialdia egingo da Bilbon, bagilaren 23tik 30era, hain zuzen be. Udalaren babesa dauka jaialdiak, Lesbianismo eta Genero Sariaren bidez. Sari horren helburuak dira emakume lesbianen eta bisexualen parte-hartzea sustatzea gizartean eta LGTB komunidadean eta istorio lesbikoak eta emakumeek eremu horretan egiten daben lana zabaltzea eta salaketa sozialean eta giza eskubideen aldeko burrukan laguntzea.

Urtero legez, Stonewalleko (New York) istiluak gomutatzen dira bagilean. 1969ko istilu hareek emon eutsen hasierea LGTBIQ+ aldarrikapen eta burruka-mobmentuei, identidadea eta sexualidadea duintasunez biziteko eskubidearen alde. Egutegian markatuako data hori gogoan, Bilboko Udalak herritarrak animetan ditu bagilaren 28ko egunaren harian egiten diran kanpaina, mobilizazino eta aldarrikapen-jardueretan parte hartu deien.

Sexu eta genero-aniztasunaren aldeko jarrerea Udalerako estrategikoak diran proiektu biren barruan sartzen da: Bilbao Balioen Hiria eta Nazino Batuen 2030 Agendako Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH). Horreen bidez, balioak garapen-eragile dituan uri bat eregiteko lan egiten da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu