Musikaire Jaialdiak 25 urte beteko ditu
2025-06-17 10:15 KultureaGaragarrilaren 5etik 27ra, Elorrio musika, jantza eta pailazo ikuskizunen topaleku izango da.

Udea eta kulturea buztartzen dituan Musikaire Jaialdia ondo errotuta dago Elorrion. Halanda ze, aurton, 25 urteko betiko ditu, eta, betiko lez, sekulako programazinoa prestau dabe.
Prentsaurrekoan jaialdiaren zehetasun guztiak emon ditue Julene Lazkano Elorrioko alkateak, Itsaso Basauri Kultura Jai eta Gazteria zinegotziak eta Aitor Iriarte Musikaireko arduradunak.
Julene Lazkanok nabarmendu dau: gustu danei erantzuteko eskaintzea jaso dogu programan. Hori da-eta azken urteetan udalak eta Arriola Antzokiak nahi izan dauena; edade guztiak kontutan dituan eskaintza kulturala eskaintzea.
Itsaso Basauriren berbetan: 25. urteurrena kontuan hartzekoa da. Ganera, ia konbidadu danak dira euskaldunak, Baskolombiaren fusinoaren zati bat eta Sol Band palestinarrak ezeze. Talde horren parte-hartzea eskertu gura dogu, euren herrialdeak pasetan dabizena kontuan hartuta.
Aitor Iriartek ondokoa gehitu dau: jenteak gogo onez hartzen dau jaialdia, izan be, kalean izateak gehigarri bat emoten deutso.
Urtero lez, berton izango dira Pirritx, Porrotx eta Marimotots eta jantza garaikideak. Musikeari jagokonez, besteak beste, Anari, Olatz Salvador eta Petti ibiliko dira. Halanda be, musika estilo ugari buztartuko ditue jaialdian.
Eszenatokiak Herriko Plaza, Lariz Jauregia eta Arespakotxaga Lorategia izango dira.
Programazinoa
- Garagarrilak 5, zapatua, 22:30ean, Herriko Plazan: Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra.
- Garagarrilak 6, domeka, 19:00etan, Herriko Plazan: Pirritx, Porrotx eta Marimotots.
- Garagarrilak 11, barikua, 20:00etan, Lariz Jauregian: Audience.
- Garagarrilak 12, zapatua, 20:00etan, Lariz Jauregian: Anari.
- Garagarrilak 13, domeka, 19:00etan, Lariz Jauregian: Sol Band (Palestina).
- Garagarrilak 18, barikua, 22:30ean, Herriko Plazan: Bascolombia.
- Garagarrilak 19, zapatua, 22:30ean, Herriko Plazan: Petti.
- Garagarrilak 20, domeka, 19:00etan, Herriko Plazan: jantza garaikideak.
- Garagarrilak 25, barikua, 20:00etan, Arespakotxagan: Arima Soul.
- Garagarrilak 26, zapatua, 22:30ean, Herriko Plazan: Olatz Salvador.
- Garagarrilak 27, domeka, 19:00etan, Arespakotxaga Lorategian: Sustraiaren matxinada.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!