Kulturea, musikea eta merkataritzea, asteburuan Bermeon
2025-06-16 13:45 KultureaKalejirea, Dantz Point egitasmoa eta Berton Azoka.

Hurrengo asteburua upealakoa izango da Bermeon, izan be, hiru ekimen interesgarri atondu ditue: Marabiyak kolektiboaren kalejira jasangarria, Dantz Point musika elektronikoaren esperientzia eta Berton Azokea, tokiko merkataritzearen eta zerbitzuen erakusleihoa.
San Juan jaiak ospatzeko motorrak berotzen gagoz. Horretarako asteburu berezia prestau dogu: kulturea, musikea eta tokiko merkataritzea buztartzen dituan egitaraua, herritarrentzat eta bisitarientzat edegia. Udalerriko espazioak eta komunidadea erdigunean jartea da gure helburua, adierazo dau Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak.
Zapatuan, bagilaren 21ean, eguerdiko 12:00etan hasiko da lehen ekimena: Marabiyak kolektiboaren kalejira berezia. Eguzki-plakakaz elikatutako hiru bizikleta elektriko eta bafle bereziakaz osotutako sistema horrek Bermeoko Alde Zaharreko kaleak girotuko ditu, orubez orube, udako solstizioaren harian eta Ekliptika zikloaren barruan. Reimy DJa egongo da ibilbidean zehar musikea zuzenean jarten. Ibilbidea Sanfrantziskoportalen hasi eta Talan amaituko da, guztira hamar geldialdi eginez. Topagune bakotxean, herriko alkarte batek hartuko dau berbea eta Alde Zaharraren, komunidadearen, ingurumenaren eta komertzio txikiaren aldeko mezuak emongo dira.
Ekimena Must Kooperatiba txikiak atondu dau Bermeoko Udalaren laguntzeagaz. Helburua da Alde Zaharreko kaleak balioan jarri eta bizitzaz betetea.
Dantz Point
Arratsaldean, 18:00etan, Talan jarraituko dau jai-giroak. Dantz Point ekimena izango da protagonista gauerdira arte, musika elektroniko garaikidearen esperientzia edegia eta dobakoa eskainiz. Lehenengo aldia da Dantz Point Bermeon atontzen dala: leku parebakoan, itsasoari eta inguru naturalari begira eta espazioaren eta kulturearen arteko hartu-emonak buztartuz.
Ganera, herriko Black Heart taldeak parte hartuko dau, bertoko ikuspegia eta nortasuna emonez. Agertokian, tokiko talentua eta proiekzino artistikoa buztartuko dira: Gora K, Egoitz, Paul Larrozea eta Furonia.
Dantz plataformak sustatutako eta BBKren laguntzeagaz gauzatutako proiektuaren bigarren edizinoa da eta horrek indartu egingo dau kultura elektronikoa eta Bizkaiko ondarearen balioa.
Berton Azokea
Asteburu osorako eskaintzeari amaierea emoteko, Berton Azoka izango da ikusgai Taraskan eta San Frantzisko eleizako klaustroan, zapatuan eta domekan. Azoka horren helburua da herriko komertzioek eskaintzen dituen kalidadeko zerbitzu eta produktuak herritarrei eskaintzea eta herritik urten barik, eskura dagozan aukerak ikusgarri jartea. Herriko komertzioez gan, gastrogunea, txikigunea, produktu eta zerbitzuen erakusketak eta zozketak egongo dira, herritar guztientzako esperientzia aberasgarria eta dinamikoa eskainiz.
Ordutegia ondokoa izango da: zapatuan, 11:00etatik 21:00etara eta domekan, 11:00etatik 16:00etara.
Kultura zinegotziak gogorarazo dau asteburuko jarduera guztiak doban izango dirala: jasangarritasuna, errespetua eta konpromisoa izango dira ekimenaren ardatz nagusiak. Bermeok eskaintzen dituan barritasunak ezagutzeko eta jai-giroaz disfrutetako aukera ezin hobea izango da, San Juan jaietako suaren bezperan. Bermeon badago zer erakutsi.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!