Inoizko parte-hartzaile gehiago R. M. Azkue Literatura Sarietan

Bizkaie! 2025-06-13 09:00   Kulturea

Guztira 574 lan aurkeztu dira.

2024ko Resurrección Maria Azkue Literatura Sariak banatu dira Euskaltzaindiaren egoitzan. Ekitaldian, epaimahaikideekaz batera, Miren Agur Meabe Euskaltzaindiaren idazkaria eta Koldo Bilbao BBKko Kultura arloko arduradunak parte hartu dabe.

Miren Agur Meabek irabazleak zoriondu ditu agerpenaren hastapenean. Horrezaz gan, eskerrak emon deutse lanak zuzentzen eta bideratzen ahalegintzen diran irakasleei, eta, bide batez, idazleen senideei, eskolan eta etxean lantzen daben irakurtzeko eta idazteko zaletasunagaitik. Koldo Bilbaok sariketan emon dan partaidetzaren igoerea aitatu dau haren belbaldian eta adierazo dau BBKk euskerea eta euskal kulturea sustatzen jarraituko dauela etorkizunean be.

Akademiak eta BBKk 1991tik atontzen dituen sari horrek idazle gazteak literatura mundura eroatea dabe helburu nagusi. Genero bi saritzen dira Azkue sarietan: narrazinoa eta poesia. Genero bakotxak maila bi ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).

Urtero lez, literatura eremuko persona adituek osotu ditue epaimahaiak, Euskaltzaindiak izentautakoak. Ondoko honeek izan dira:

  • A mailan: Igone Etxebarria, Jabier Kaltzakorta eta Manu López Gaseni.
  • B mailan: Castillo Suárez, Patxi Zubizarreta eta Garbiñe Ubeda.

Epaileen eretxiz, lan helduak eta landuak aurkeztu dira, gaurkotasunez jositakoak, tartean, feminismoa.

A mailako sariak

Narrazinoak:

  • Lehen saria: Izarren koadernoa. Egilea: Jon Maestre Gelado (Franciscanas de Montpellier, Trapagaran, Bizkaia).
  • Bigarren saria: Ametsik gabeko bizia, izarrik gabeko gaua. Egilea: June Salazar Cruz (Koldo Mitxelena BHI, Errenteria - Gipuzkoa).
  • Hirugarren saria: Ahaztutako ipuinen hiria. Egilea: Nahia Cid González (Mendebaldea BHI Gasteiz, Araba).

Olerkiak:

  • Lehen saria: Beldurra. Egilea: Aner Elizondo Fanegas (Haurtzaro ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa).
  • Bigarren saria: Asmatu. Zer naiz?. Egilea: Anari Larburu Tolosa (Haurtzaro ikastola, Oiartzun - Gipuzkoa).

B mailako sariak

Narrazinoak:

  • Lehen saria: Inork ez du merezi. Egilea: Kattin Madariaga Apaolaza (Toki Ona BHI, Bera - Nafarroa).
  • Bigarren saria: Aske. Egilea: Maria Iribar Larrañaga (Zumaia BHI, Zumaia – Gipuzkoa).
  • Hirugarren saria: Testamendua. Egilea: Ekhi Arizmendi Telletxea (Oiartzo ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).

Olerkiak:

  • Lehen saria: Euskarriak. Egilea: Naroa Asensio Gaston (Aita Larramendi ikastola, Andoain - Gipuzkoa).
  • Bigarren saria: Ordura arte zaindu. Egilea: Libe Martin Aldalur (Haztegi ikastola, Legazpi - Gipuzkoa).
  • Hirugarren saria: Hasieran ez omen zegoen ezer. Egilea: Naroa Asensio Gaston (Aita Larramendi ikastola, Andoain - Gipuzkoa).

Idazle, kazetari eta bertsolariak

Resurrección María Azkue Saria, berez, 1975ean sortu eban Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalidadeetan eta 1990 arte iraunez. Urte horreetan, ez zan gaztetxoentzako saria izan, helduentzakoa baizik eta gaur egun oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso eben saria. Beste horrenbeste gertau da 1991tik aurrera atondutako sariekaz be; egun ezagunak diran Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dabe saria.

Azkue Sarietara aurkeztutako lanen kopurua (2009-2024)

2009. urtean, 219 lan / 2010 (217) / 2011 (157) / 2012 (167) / 2013 (173) / 2014 (75) / 2015 (88) 2016 (175) / 2017 (151) / 2018 (135) / 2019 (568) / 2020 (353) / 2021(526) / 2022 (463) / 2023 (374) / 2024 (574).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu