Gaztelugatxeko San Juanerako bisita gidatuak atondu ditue
2025-06-13 10:04 KultureaGaragarrilaren 4tik abuztuaren 28ra bitartean.

Jakina da Gaztelugatxeko San Juan Euskal Herriko baliabide turistiko garrantzitsuenetakoa dala eta bisitari kopuru handia hartzen dauela. Kulturearen eta ingurumenaren aldetik aberastasun handiko ingurunea da eta danon artean jagon behar dogu. Modu horretara, aurten be, garagarrilean eta abuztuan Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanera bidea egiteko autobus zerbitzua eta bisita gidatuak atondu ditu Bermeoko Udalak, Turismo Bulegoaren bitartez. Hori bai, garragarrileko domeketan ez da zerbitzurik eskainiko.
Bisitek hiru helburu nagusi ditue: garraio publikoa sustatzea CO2 emisinoak murrizteko eta aparketako arazoei aurre egitea, bisitariak Bermeora erakartea eta horreek Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak zeintzuk diran jasotea.
Bermeoko Turismo Bulegoaren ekinbidean Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanerako joan-etorria eskainiko da autobusez, gida laguntzailea eta Gaztelugatxera sartzeko tiketaren kudeaketea. Autobusak 09:30ean eta 11:30ean aterako dira Lamerako autobus geltokitik.
Erreserbak egin daitekez hemen. Nagusiek 14 euroan izango dabe sarrerea, 6 eta 16 urte bitartekoentzat 9 euroan eta euro bat ordaindu beharko dabe, barriz, 6 urtetik beherakok. Gehienez, 6 urtetik beherako ume bi joan ahal izango dira helduen erreserba bakotxeko. Informazino gehiago behar dabenek Turismo Bulegoan bertan eskatu leikie 946179154 telefono zenbakira deituta, turismoa@bermeo.eus helbidera idatzita edo www.bizibermeo.eus webgunean bertan.
Erreserba egin gura dabenek, ondoko zehetasun honeek izan beharko ditue kontuan:
- Oinezko ibilbideak ahalegin fisikoa eskatzen dau.
- Ibilbidearen iraupena ordu eta erdikoa da.
- Ez da ibilaldi gomendatzen bihotzagaz lotutako osasun-arazoak, arnas gitxiegitasuna edo mobikortasun murriztua daukatenentzat.
- Ibilaldia hasi aurretik, gogoratu eguzki-krema emotea eta ura eroatea hidratetako.
- Ibiltzeko oinetako egokiak eroan behar dira.
- Autobusean animaleak eroatea debekatuta dago.
Gaztelugatxeko San Juan Bermeoko zati eta esentzia da. Modu horretara, bisita gidatu honeen bitartez, bisitariek Gaztelugatxeko San Juanen nortasuna hobeto ezagutzeko aukerea izango dabe, bermeotarren sinismen, erritu eta ohituren bidez; baseleizea be bisitauko dabe.
Era berean, Gaztelugatxeko San Juan inguruko ingurumen-berezitasunak ezagutzeko aukerea izango dabe erreserbea egiten dabenek. Inguru eder horretan, Matxitxako lurmuturra be badago, bere itsasargi bigaz. Hala, inguruko historiari eta jarduerari lotutako baliabideak eta bitxikeriak ere azalduko dizkiete.
Ingurune babestu hori guztion artean jagon behar dogu. Zerbitzu honegaz Gaztelugatxeko San Juaneko esperientzia bultzatzea da asmoa, ikuspegi ekoturistikoa ardatz hartuta, adierazo dabe Turismo Bulegoko arduradunek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!