59 ikuskizun Bilboko Kalealdian

Bizkaie! 2025-06-12 13:01   Kulturea

Bagilaren 30etik garagarrilaren 5era.

Bilboko Udalak urtero atontzen dauen Bilboko Kalealdia Antzerki eta Arte Jaialdiak 26. edizinoa jarriko dau martxan bagilaren 30etik, astelehena, garagarrilaren 5era, zapatua. Guztira, 59 ikuskizun eskainiko ditu.

Egitarau osoa gaur goizean, hilak 12, aurkeztu da Casilda Iturrizar parkean, jaialdiaren agertoki nagusian, Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Pedro Ormazabal Bilboko Kalealdiako zuzendariak parte hartu daben prentsaurrekoan. Horreezaz gan, Libre eta Manttalingo alaba ikuskizunen arduradunek be hartu dabe parte ekitaldian.

Zinegotziak adierazo dauen bezela: antzerki eta kaleko arteen jaialdia publiko guztiarentzat irisgarria izatea gura dogu, bilbotarrek modu aktiboan difrutetako. Era berean, topaketa kultural horrek konpainiei, beteranoei zein hasibarriei, euren lanak erakusteko agertokia eskaintzen deutse. Hori da bidea, Bilboko auzo guztiek hainbat kultur ekitaldi hartzea, herritar guztiei zuzenduta.

26. edizinoan, Europako hainbat herrialdetako zortzi konpainia izango dira eta normalean urian ikusten ez diran ikuskizunak aurkeztuko ditue, besteak beste: Soul Project, Compagnie Super Super, Claire Ducreux, Pikz Palace, Facile D 'exces Cie, Chaussons Rouges (Compagnie Des), Maleta Company & Balancetoi Cie eta Concorda.

Estaduko ordezkaritzea, barriz, hamabi taldek osotzen dabe: Llum de Fideu, Escarlata, Psirc Cía, Pau Palaus, La Corcoles, Leandre Clown, Kolektiv Lapso Cirk, Guillem Albà, Chicharrón Circo Flamenco, La Fam Produccions,  Ddcdanza- Daniel Do?a eta Qabalum.

Bilboko Kalealdiari esker, Udalak laguntzea emoten deutse euskal konpainiei. Aurton, hamabost taldek hartuko dabe parte: Mama crea, Komorebi Produkzioak, Nimú, Markeliñe, La Pez, ATX Teatroa, Arriera, Manttalingo Alaba, Harrobi Dantza Bertikala, Hika Teatroa, Kukai Dantza, Zanguango Teatro, Trotamundos Cía. eta Barsanti Cía. Horreetatik zazpi Bilbokoak dira.

Ikuskizun guztiak doban izango dira, Kataluniako Escarlata konpainiaren Devoris Causa ezeze. Kasu horretan sarrerak erosi beharko dira 3 eurotan www.bilbokalealdia.eus webgunean. Bertoko diru-bilketea Zaporeak Solidario Garapenerako Alkarteari emongo jako. 

Bilboko Kalealdiaren koprodukzinoak

Beste behin, Toño Valdivieso herriko artisteak Casilda Iturrizar Parkerako batez be sortutako dekorazinoak protagonismo handia izango dau jaialdian. Bilboko Kalealdiko lorategia instalazinoari esker, Casilda Iturrizar Parkea leku liluragarri bihurtuko da arte eszenikoez disfrutetako.

Valdiviesoren instalazinoaz gan, jaialdiak Arrieraren Libre txotxongilo ikuskizuna be koproduziduten dau. Ikuskizun hori garagarrilaren 3an (eguena) izango da, 17:30ean eta 21:00etan; eta Manttalingo alaba errezitaldi musikatua, Mikel Etxaburu, Nerea Zuloaga, Irina Álvarez eta Jon Gardokiren eskutik, barriz, garagarrilaren 3an (eguena), Casilda Parkeko pergolan, 19:30etan.

Herritarren parte-hartzea sustatzeko jarduerak

Barrikuntza bezela, aurton kaleko artisten arteko topaketa sustatzea helburu daben hainbat jarduera parte-hartzaile eskaintzen dira. Ekimena, Open Kalek (Kale Jaialdien Sarea) eta Artekalek (Euskal Herriko Kaleko Arteen Alkartea) atondu dabe, Eusko Jaurlaritzearen laguntzeagaz.

Hiru dira: Diziplina baten aurkikuntza tailerra (Arriera Txotxongilo Konpainia); Harrobia Dantza Bertikala ikuskizunaren ondorengo berbaldia; eta Llum de Fideu konpainiak emongo dauen tailerra, Sfumato ikuskizunean figurante bezela parte-hartzeko.

Estreinaldiak 

Hamabi estreinaldi dagoz programazinoan, horreetako bat absolutua: Toño Valdiviesoren Bilboko Kalealdiko lorategia instalazinoa.

Estaduan estreinaldiak ondoko honeek izango dira: Cie. des Chaussons Rouges belgikarren Épiphytes ikuskizuna; Facile d 'exces konpainia frantziarraren Gros débit ikuskizuna; eta, Soul Project frantziarren izen bereko ikuskizuna.

Jaialdiak zortzi estreinaldi be proponiduten ditu Euskadin: Compagnie Super Superren Plouf & Replouf; Claire Ducreuxen Fleurir les abîmes; eta, Pikz Palacek Boucherie Bacul aurkeztuko dau. Estadukoei jagokonez, ondoko honeek dira estreinaldiak: Doña Doma (DDC Danza – Daniel); Devoris Causa (Escarlata); Després de tot (PSIRC); Carena (La Corcoles Cía.); eta, QOROQ (Kolektiv Lapso Cirk).

Espazioak

Jaialdia urian zehar banatutako hainbat espaziotan disfrutau ahal izango da eta, betiko lez, eszenatoki nagusia Casilda Iturrizar Parkea izango da. Horrezaz gan, ondoko lekuetan be ibiliko dira: Arte Ederren Museoaren inguruan, Pergolan,, Arriaga Plazan, Arenalean eta UPV/EHUren Bizkaia Aretoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu