'Irailekoak' Lekeitiora bueltauko da
2025-06-11 13:42 KultureaPoesia-jaialdia irailaren 26, 27 eta 28rako atondu dabe.

Igaz Itsasu (Lapurdi) bisitau ostean, Lekeitiora bueltatuko da Irailekoak. Euskaltzaindiak 2023an atondu eban poesia-jaialdiaren lehenengo edizinoa, Lekeition, eta hasierako asmoei eutsiz, kostaldeko herrian izango da 2025ekoa be. Holan, irailaren 26tik 28rako egitaraua prestau dau Euskaltzaindiak, Lekeitioko Udalaren babesagaz.
Euskerearen Akademiak, literaturearen aurrean dauen atxikimendua adierazoteko, poesiari eskainitako hirugarren asteburua atontzea pentsau dau. Holan, Euskal Herri osoarentzat atondu da Irailekoak, poesiak haren toki-denporak izan daizan gure artean. Era berean, Euskal Herrian atontzen diran literatura jardunaldien egutegia osotu gura dau jaialdiak; horretarako, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira jaialdiaren aurtongo edizinoan.
Egitasmoak euskal poeten lana gizarteratzea dau helburu, hitzaldien edo irakurraldien eta errezitaldien bidez. Era berean, beste lekuetako poetek be hartuko dabe parte. Poesiagaz batera, beste kultura-adierazpide batzuk buztartuko dira, esaterako, musikea eta artelanak. Egitarauaren zehatasunak irailean emongo ditu Euskaltzaindiak.
Jarduera gehigarriak
Lekeition poesiari presentzia handiagoa emoteko, garai eta geografia askotako egileen bertso lerroz jantziko dira herriko erakusleihoak udaldian. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarniken bertsoak erakutsiko dira, merkatarien Kitto Alkartearen laguntzeari esker.
Recreativa Alkarte ezagunaren laguntza be izango dau Euskaltzaindiak, euren egoitzan egingo diralako ekitaldi nagusiak. Ganera, Iraileko paperak aldizkaria plazaratuko da, akordu intelektual-poetiko bezela. Jaialdian parte-hartuko daben olerkari eta ikusleen artean banatuko da aldizkaria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!