Martxan da 'Odol Ilargia' produkzinoaren filmaketea

Bizkaie! 2025-06-11 13:02   Zinemea

Gazteei zuzendutako euskerazko fikzino seriatua.





EITBren ekimena, elementu fantastikoak dituan thrillerra da, David R. Losada zinemagileak zuzendu eta Baleukok produzidutakoa. Egunotan dabiz grabetan Basaurin, Galdakaon eta Bilbon; ezustekorik ezean, 2026an estreinauko dabe Primeran plataforman.

David R. Losada zinemagilea da zuzendaria eta gidoia be berak idatzi dau, Mikel Alvarez Sarriegigaz batera. Belen Martinezen Cuando reescribamos la historia eleberrian dago oinarrituta.

Telesail barriak lagun talde baten bizitzan denbora-une zehatz bi ditu ardatz, hamar urteko aldeagaz bataren eta bestearen artean (2015 eta 2025). Suizidio baten eta jazoera horren atzean urtetan isildutako traumearen inguruan oinarrituko da istorioa. Julen telesaileko protagonisteak argitara atara beharko dau guztia. Bidaia horretan, hainbat gaitan jarriko dau arretea ikus-entzunezko lanak, tartean bigarren aukerak, adiskidetasunaren balioa edo identidade sexuala.

Antzezle taldean gazteak dabiz, besteak beste, Jon Muñoz, Aritz Kortabarria, Nekane Otxoa, Sambou Diaby, Itziar de Castro, Lier Alava, Asier Valdestilla, Mikele Arizkorreta edo Nerea Sanz. Eurekaz batera, eskarmentudun euskal aktoreak, besteak beste, Iñigo Aranburu, Iraia Elias eta Aitor Borobia.

Filmaketea Basaurin, Galdakaon eta Bilbon dabiz egiten egunotan, istorioan institutua, atletismo kluba, protagonisten etxebizitzak eta kartzelea izango diran lekuetan.

Zuzendariaren begirada personaletik ikusiko dogu gaztetasunak berezkoa dauen ikuspegi subjektiboa, emozimoen arloagaz lotura hain estua izaten dauen perspektiba hori. Horretarako, gaur egungo berbakera baten alde egingo dau, erritmo biziagaz indartuta.

Horrezaz gan, musikea elementu klabea izango da, besteak beste, Belako eta 2zio taldeen doinuak izango dira protagonista eta sano adierazgarria Elena Setienek konponidutako musika originala.

Lehenengoz dabil David R. Losada fikzinoko telesail baten zuzendaritzan, aurretik La noche del ratón (2015) eta Lady off (2018) film luzeak eta Mosquito (2023) film laburra zuzendu ostean.

Argazkiak Endika Gabilondorenak dira eta Sultana del Badal ibiliko da arte zuzendaritzan. Idurre Cajaraville dogu produkzino eragilea eta Katixa de Silva produkzino zuzendaria. Alba Lozano, barriz, bigarren unidadeko zuzendaritza arduraduna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu