Santa Maria Katedrala, 25 urte ondarea zaharbarritzen, Europan erreferente

Bizkaie! 2025-06-11 12:09   Kulturea

Edozeiek bisitau leike Gateizen.





Lehendakariak Gasteizko Santa Maria Katedrala bisitau dau haren Fundazinoaren 25. urteurrena ospatzeko. Ekitaldian, Imanol Pradalesek bertatik bertara ezagutu ditu tenplu gotikoa zaharbarritzeko lanak, Jon Lasa Santa Maria Katedrala Fundazinoko zuzendari-gerenteagaz, Ramiro González Arabako Diputadu Nagusiagaz eta Javier Hurtado Turismoko sailburuagaz batera, besteak beste.

Hainbat geldialdi egin ditue bisitan. Katedralaren lurpean hasi da, kriptan, eta bertaratutakoek katedralaren zimenduak eta bertan dagozan aztarna arkeologikoak ezagutu ditue. Ondoren, bisitariak Katedraleko nabetik pasau dira, erronda-pasabidera igoteko eta, ondoren, triforiora eta estalkipeko espaziora. Ibilbidea torrean amaitu dabe eta bertatik Arabako uriburuaren panoramika ederraz gozau dabe.

Lehendakariaren eretxiz, egindako lana harro egoteko arrazoi bat baino gehiago dago: arriskatzea eta moldeak haustea erabagi zenduen, 25 urte ondarea zaharbarritzeko eta berreskuratzeko beste modu bat bultzatzeko jarrerea hartu zan kultura-ondarea gizarte-kohesinorako eta garapen ekonomikorako eragile bihurtu dozue eta modu erabagigarrian lagundu dozue Gasteizen eraldaketan eta Urigune Historikoaren berreskurapenean; Katedral zaharra sinboloa eta harro egoteko arrazoia da gaur egun Euskadirentzat. Nire esker ona helarazoten deutsuet Fundazinoko kide izan zareen erakunde eta norbanako guztiei, erakutsi baitozue ondareak ez dauela izan behar zeozer estatikoa edo opakua, dinamikoa eta edegia baino. Danona dan hori danon zerbitzura jarteagaitik.

Ramiro González Arabako Diputadu Nagusiak zehaztu dauenez, Santa Maria Katedrala lurraldeko benetako itsasargi kulturala da, ondarea, kulturea, historia eta urigintzea batzen jakin dau Arabako gizarte osoa harro sentiduten dan proiektu partekatu batean.

Fundazinoa

1994an, Santa Maria Katedrala bisitarientzat zarratu zan. XIII. mendean hasi ziran katedrala eregiten, hasiera batean eliza-gotorleku lez baina historian zehar esku-hartze ugari behar izan zituan egitura-arazo larriak zirala eta.

1997 eta 1998 urteetan zaharbarritzeko plan gidaria egin zan eta 2001 urtean argitaratu. Plan horren helburuak ziran katedralak historian zehar izan dauen eregiteko prozesua ulertzea eta, bestetik, eraikina herritarrek erabilteko berreskuratzea, beti be haren kultura-ahalmenak kontuan hartuta.

Santa Maria Katedralaren Fundazinoa 1999ko maiatzaren 25ean eratu zan, Félix Ormazabal Arabako ahaldun nagusiaren, José Ángel Cuerda Gasteizko alkatearen eta Miguel Asurmendi Gasteizko Eleizbarrutiko gotzainaren eskutik. Fundazinoa 2000ko bagilean jarri zan martxan eta 2025. urte honetan 25 urte bete ditu.

Katedrala eta inguruko eraikinak zaharbarritzeko prozesuaz arduratzeko eratu zan Fundazinoa, baita haren erabilera kulturalaren eta turistikoaren bitartez balioa emoteaz arduratzeko be. Eratu zanean, 2000. urtean, preminazko eta sendotze-lanei ekin jaken. Lan horreen ondorioz, Katedralaren indusketa arkeologiko orokorra egin behar izan zan eta Plan Zuzentzailearen azterketa osogarri ugari egin behar izan ziran, Katedralak antxinatik zituan egitura-arazoak jorratzeko. Egitura sendotzeko obra horreek eta torrearen birgaitzea 2014ra arte egin ziran. Era berean, arkupea zaharbarritzen hasi ziran, bertako polikromia historikoak zehetasunez aztertuta eta datauta, korrespondentzia estratigrafikoen metodoaren bidez.

2015. urtetik 2024. urtera arte —beste lan batzuekaz batera, besteak beste, Santa Anako Portada musealizetea edo zaharbarritzea, Katedralaren estalki guztiak zaharbarritu dira, izan be, konserbazio-egoera txarrean egozan eta ha hutsituteko arazoak sortzen zituen.

Aurten amaitu da egiturazko birgaitze-lan handien eta birgaitze funtzionalaren etapea.

Obretan edegita

2010. urtetik, miloe bi bisitari baino gehiago igaro dira tenplu gotikotik, lanen bilakaerea bertatik bertara ikusteko eta Arabako uriburuaren historia ezagutzeko. Bisita horreek Santa Maria Katedralaren zaharbarritze-prozesuaren ezaugarri izan dan elementu bereizgarri bati esker egin dira: lan horreek jenteak ikusteko aukerea izan dau Obretan edegita programeari esker. 2019an Arkeologoen Europako Alkarteak Santa Maria Katedrala Fundazinoa saritu eban Obretan eta edegita proiektuagaitik, ondare kudeaketako erreferente lez eta programa horrek berak 2000. urteko euskal turismo saria jaso eban.

Arabako Diputadu Nagusiaz eta Turismoko sailburuaz gan, Leandro Cámara Santa Maria Katedrala Fundazinoko arkitektoa, Irma Basterra Arabako Batzar Nagusiak erakundeko presidentea, Cristina González lehen ahaldun nagusiordea eta Turismoko foru diputadua, Ana Del Val Kulturako foru diputadua eta Sonia Díaz de Corcuera kulturako zinegotzia be izan dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu