Gaur arte 476.795 bisitari hartu ditu

Bizkaie! 2025-06-11 07:45   Kulturea

Bisitarien jatorri geografikoari erreparauta, % 63 atzerritik etorri dira.

Guggenheim Bilbao Museoaren Fundazioaren Patronatua batzartu da Imanol Pradales Lehendakari jauna buru zala, eta honako honeek izan dira bileran: Elixabete Etxanobe andrea, Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Fundazinoko Batzorde Betearazlearen Presidentea; Ibone Bengoetxea andrea, Eusko Jaurlaritzako Lehen Lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburua; Leixuri Arrizabalaga andrea, Euskera, Kultura eta Kirol saileko Foru Diputadua; Juan Mª Aburto jauna, Bilboko Alkatea; Jon Azua jauna, euskal instituzinoen ordezkaria Solomon R. Guggenheim Foundationen Patronatuan; Juan Ignacio Vidarte jauna, Guggenheim Bilbao Museoaren Zuzendari Emeritua; Fundazinoko gobernu-organo goreneko enpresa eta erakundeetako ordezkaria; Mariët Westermann andrea, Solomon R. Guggenheim Foundation & Museumen Zuzendaria; eta apirilean kargua hartu ebanetik lehenengo bilkurea izango dauen Miren Arzalluz andrea, Guggenheim Bilbao Museoko Zuzendari Nagusia.

Bilerea hasteko, Museoak aurtengo ekitaldian zehar izandako jarduerea aztertu dabe: gaur arte 476.795 bisitari hartu ditu, urte-tarte honetarako aurreikusitakoa baino % 29 gehiago, 2024an data bererako metatutako kopurua baino % 5 gehiago, eta 2023an baino, hau da, Museoak inoizko bisitari gehien izan eban urtean baino % 7 gehiago. Bisitari horreen jatorri geografikoari erreparauta, % 63 atzerritik etorriak izan dira, gehienbat Frantziatik (% 15), baita Erresuma Batutik eta Alemaniatik be. Espainiar estadutik etorritako bisitariak, barriz, % 37 izan dira eta horretatik % 16 EAEkoak.

Artearen eta kulturaren inguruan ardaztutako Community kolektiboak be hazten jarraitu dau 2025ean zehar: besteak beste Lagunak, Jarraitzaileak eta ERDU programako onuradunak batzen dituan komunidade horrek 374.782 kide daukaz danetara, 2024 amaieran baino ia 30.000 gehiago. Ekitaldi honetan Museoaren Lagun moduan izena emon dabene % 12,26 Communityko Jarraitzaile izandakoak dira, erakundearen aurreko konpromisoa indartu daben kideak, hain zuzen be, txosten hau idazteko momentuan 24.281 dira Museoaren Lagunak.

Enpresa-munduak Museoaren aurrean dauen erantzukizunak be gora egin dau urteko lehen bost hilebeteotan, eta moemntu honetan 139 erakundek osotzen dabe Kide Korporatiboen Programea, 10 kide barri sartu baitira aurten.

Bilkuran, Museoa 2026rako lantzen dagoan erakusketa-proiektuen aurrerapen bat aurkeztu deutse Patronatuari, tartean arte moderno eta garaikidearen ordezkari diran lau artista nabarmeni eskainitako erakustaldi monografikoak. Horreetan lehenak Ruth Asawa artista estaubatuarraren lana jarriko dau ikusgai, hau da, Bigarren Mundu Gerraren ondoren AEBn izan zan sortzailerik emonkorrenetako batena. Bigarrena 1950, 1960 eta 1970eko hamarkadetako AEBko arte plastikoen eszena eraberritu eban Jasper Johns artisteari buruzko atzerabegirako garrantzitsu bat izango da, bere garaikideentzat ez eze oso jokera estetiko askotako belaunaldi barrientzat be inspirazino-iturri izandako sortzaileari eskainia. Urrian, barriz, mobimentudun irudien bidez gai unibersaletan eta biografia gogorretan dabilen Steve McQueen artistea, zinema-zuzendari eta gidoigilea protagonista izango dauen erakusketa bat aurkeztuko da jentaurrean. Azkenik, urte birik behin, Solomon R. Guggenheim Museumeko funts garrantzitsuak Bilboko publikoari ekarten deutsozan progreamaren barruan, minimalismoaren ordezkari nagusietako bati, Dan Flavin artisteari buruzko erakusketea inaugurauko da zemendian.

Mobimentudun irudiari eskainitako Film & Video aretoko programazioak, barriz, Pipilotti Rist artistearen lana aurkeztuko dau atmosfera poetikoaren bidez ikusleak errealismo magiko moduko batean sartukoo dituan instalazino bategaz.

Oraintsu ekin jakon in situ sailak Museoko gune jakin baterako berariaz sortutako obrak aurkeztuko ditu —arkitekturea aktibetan daben piezak edo Museoko areto enblematikoaren ezaugarri bereziakaz hartu-emon harmoniatsuan agiri diranak—, eta Igshaan Adams eta Zadie Xa artisten proiektuak hartuko ditu datorren ekitaldian.

Azkenik, 2025eko azken hiruhilekoan inaugurauko dan erakusketa batean, jentaurrean dagozan Museoaren Bildumako artelanak aldatu eta ikusgai jarriko dira Bilduman azkenengo sartutko lanen aukeraketa bat, D.Daskalopoulos Collectionetik dohaintzan jasotako zenbait lan eta Rodenstock bildumak epe luzerako maileguan itxitako pieza batzuk.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu