60 urte beteko ditu aurten Gerediagak eta ospakizuna bagilaren 14an izango da
2025-06-11 09:19 Kulturea1965. urteko bagilean emon zituan lehen pausuak Gerediagak.

Abadiñoko Gerediaga auzoko foru-zelaian izango da ospakizuna. Orain dala 60 urte, ingurua nahikoa abandonauta egoala ikusita eta eskualdearen historian hain leku garrantzitsuak arretea behar ebala pentsaurik, bertan batu ziran alkarteko lehenengo bazkideak. Beraz, alkartearen sorrera- lekuan izango da ospakizuna.
Durangaldeko alkarte, talde, erakunde eta jenteak parte hartuko dau ospakizunean eta ikus-entzuleak be danetarikoak etorri daitezela da asmoa. Horregaitik, ospakizunera etorteko konbidetan ditugu etorteko gogoz edota jakinminez diran guztiak.
Izan eta Eragin ikuskizuna
Bagilaren 14an, zapatuan, 20:00etan hasita ordubete inguruko ikuskizunean, Gerediaga Alkartearen joandakoak, oraina eta geroa laburbatzeko ahalegina izango da, ikus-entzunezko laburretan eskualdeko eragileen lekukotzak eta eskualdeko irudiak tartekatuta.
Horrezaz gan, musikea be izango da. Ikuskizunaren aurreko eta osteko tarteak girotzeko Itsuak Beat Salak taldeak jarriko dau musikea eta ikuskizunean Malakiasek eta Onintza Azkarate, Eider Gallastegi eta Joannah Keen hirukoteak; bestetik, pieza bana joko dabe.
Iruri Altzerrekak eta Unai Iturriagak bertsotan egingo dabe ikuskizunerako atondutako eszanatoki bitan eta, Karrika antzerki taldeak, euren-eurena daben umoreari eutsita, XIX. mendean foru-zelaian egiten ziran eskualdeko udalerrien batzar baten sartuko ditu ikus-entzuleak. Durangaldeko izakerearen parte diran ezpatajantzarien saioa be izango da, okasinorako, eskualdeko herri askotako jantzariz osotutako taldea eratuta. Sorpresarik eta jan-edanik be ez da faltako urteurren biribila ospatzeko.
Kontuak kontu, atontzaileek mobikortasunari jagokon ohar garrantzitsua da Gerediaga ermita inguruan autoa aparketako lekurik ez dala egongo eta bertaratzea errazteko asmoagaz, dobako autobusa izango da joan-etorrian Traña-Matienako Zubibitarte kaleko geralekutik, 18:45ean hasi eta 19:50era bitartean. Ekitaldia amaituta, 21:15etik aurrera, etxerako bidea egiteko be autobusa izango da. Autobuserako geralekua Traña-Matienako Zubibitarte kalean egongo da (lehengo Jata parean). Gerediaga foru-zelaira Traña-Matienatik oinez igotea erabagiten dabenek be autobusez bueltetako aukerea izango dabe.
Euria egingo baleu, ospakizuna Abadiñoko probalekuan izango da. Kasu horretan, baina, ez da autobus zerbitzurik izango.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!