Clara Garcia Garzonek irabazi dau IV. EIA21 Arte Lehiaketea

Bizkaie! 2025-06-11 08:15   Kulturea

Lanak ikusgai dagoz EIA21 enpresako Erandioko egoitzan.

Clara Garzia Garzon (Argazkia: Fernando Gomez). | Ikusi handiago | Argazki originala

EIA21 IV. Arte Lehiaketako lehen saria, 3.500 eurokoa, Clara García Garzónen Sonrisa obreari emon jako. 162 x 114 zm-ko pieza horrek pintura-prozesu batean oinarritutako tekniken buztarketa erabilten ditu, esaterako collagea, argazki-manipulazinoa eta geruzen gainjartea. Egileak irudiaren eta abstrakzinoaren arteko alkarrizketa aztertzen dau, sorkuntza-prozesua bera esploratuz eta pintura ulertzeko modu barriak proponiduz.  

1.500 euroko bigarren saria Judith Voeten In De Knoopek jaso dau: 45 x 45 zm-ko hamabi unidadez osotuta dago eta formatu ertaineko argazkigintza analogikoan oinarritzen da.  

Hirugarren saria, 1.000 eurokoa, Anna Firmbergerren Sleepless Nights, Daily Shower lanak jaso dau. 165 x 110 zm-ko formatu handiko obra horrek hiru geruza gainjarriak ditu: begetal paper ganeko errotulagailua eta alumininoko zintea erabilten ditu, buztarketa horrek egitura bisual konplejua sortzen dau. 

Edizino honetan, 77 obra hautatu dira, graduko eta graduondoko ikasleek aurkeztuak. Pieza horreek formatu bikotxak zein hirukotxak hartzen ditue, teknika eta adierazpen artistikoen aniztasun handia erakutsiz.

Lan guztiak ikusgai dagoz EIA21 enpresako Erandioko egoitza nagusian, baita lehiaketearen webgune ofizialean be.  

2025eko maiatzaren 20an, EIA21eko zuzendaritzako ordezkariek, EHUko Arte Ederren Fakultadeko dekano-taldeko kideek, Durán Arte Y Subastas arte-erakundeko profesionalek eta bildumazaleek osotutako epaimahaiak batzarra egin eben saritutako lanak aukeratzeko. 

Erakusketea irailaren 12ra arte egongo da edegita eta aukera parebakoa eskaintzen dau arte-sorkuntzan hasi barri diran belaunaldien lanak gertutik ezagutzeko. Ekimena 2019an erakunde bien artean sinatutako hitzarmenaren barruan dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu