Vueling zigortu dabe
2025-06-10 12:51 Pil-pilean13.500 eurotik gora pagau beharko deutse 12 bidaiariri.

Bilboko Lehen Instantziako 12. epaitegiaren epai batek zehaztu dauenez, aire konpainiak 13.509 euroko kalte-ordaina emon beharko deutse Bizkaiko 12 profesionali, Kanaria Handira, biltzar batera, joateko bidaia zapuztu ondoren. Epaitegiak babestu egin dau Erreklamatuk aurkeztutako demanda kolektiboa eta Vueling zigortu dau bidaiariek izandako kalte ekonomikoa eta emozionala be konpensetako.
Vueling konpainiak bertan behera itxi eutsen hegaldia aurrez abisurik emon barik eta egun bererako zentzunezko alternatibarik eskaini barik. Epaitegiak onartu dau, batetik, Europako araudiak ezarritako konpensazino estandarra eta aparteko gastuen itzulketea eta, bestetik, aparteko izaeraz, beste kalte-ordain bat emon beharra kalte moralakaitik.
Bidaiariak Bizkaiko profesional batzuk ziran, Kanaria Handiko Las Palmasera, biltzar batera, joateko hegaldi bat kontratau ebenak 2023ko urriaren 24rako, Bilbotik Kanaria Handira Bartzelonan eskalea eginda. Baina Bilbo-Bartzelona hegaldia (VY1431) bertan behera gelditu zan aurrez abisurik emon barik eta 12 persona horreek aireportuan itxi zituten informazinorik, laguntzarik eta soluzinorik barik destinora heltzeko.
Demandearen egileak kejau egin ziran eta garraiobide alternatibo bat eskatu eben baina Vueling konpainiaren proposamen bakarra hurrengo eguneko hegaldi bat hartzea izan zan eta horrekin ezinezkoa zan biltzarrera heltzea. Hori ikusita, hegaldien dirua bueltetea eskatu eben bidaiariek, baina aire konpainiak ez eban holakorik egin.
Gauzak holan dirala, kaltetutako bidaiariak hartu-monetan jarri ziran Erreklamatugaz, hegaldien inguruko erreklamazinoetan espezializautako Bilboko bulego juridiko bat baita, kasua modu kolektiboan onartu eta danen izenean demanda bateratu bat aurkezteko izan zan erantzuna.
13.500 euro baino gehiago guztira: konpensazinoa, gastuak eta kalte morala
Epaiak demanda egileen eskaera guztiak baiesten ditu. Danetara, honako honeek ordaindu beharko ditu Vuelingek:
● 4.800 euro, konpensazioa hegaldia bertan behera ixtegaitik (400 € persona bakotxeko).
● 2.960,65 euro, aparteko gastuengaitik, besteak beste, erabili bako hotelak (2.917 €), taxiak (30 €) eta jan-edanak (12 €).
● 3.706,79 euro, erabili baeko bidaia-txartelen itzulketea.
● 2.400 euro, kalte moralakaiik, 200 € bidaiari bakotxeko.
Horrezaz gan, epaitegiak konpainia zigortzen dau lege interesak pagau daizan, lehenengo erreklamazino estrajudizialak, bai eta kostu judizialak be.
Kalte moralaren garrantzia: mugarri nabarmena
Kasu honen alde azpimarragarriena da epaitegiak kalte-ordain osogarri bat onartzen dauela materialak ez diran kalteakaitik, ez baita oso ohikoa prozedura mota honetan. Erreklaatuk, bere argudioetan, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren doktrinea aitatu eban, aintzat hartzeko ezen kalte-ordain jasoteko moduko kaltetzat hartu behar dirala bidaiariek sufridutako ondoez emozionala, estresa eta frustrazinoa –informazino faltak, tratu ardurabakoak eta profesionalen arteko topaketea galtzeak eragindakoak–.
Demandan salatzen zan bizi izan eben egoerea kalbarioa izan zala kaltetuentzat, arreta ezin txarragoa jaso ebela eta babes barik itxi zituela erabat. Nabarmentzen da, Vuelingek eskainitako garraio zerbitzua emon zala bidaiarien beharrakezertarako kontuan hartu barik.
Epai honen oinarrizko ikasgaiak
- Hegaldia bertan behera ixteagaitik, konpensazinoa automatikoa da ez badeutsue 14 egun lehenago abisurik emoten, baldin eta ez bada aparteko egoera bat, airelineak gorabeherea justifiketako erabili leikena (sekulako baldintza klimatologiko txarrak, aire konpainiakoak ez diran langileen grebea...).
- Eskubidea dozu bidaia-txartelaren dirua bueltetako edo zure destinora heltzeko garraiobide alternatibo bat emoteko. Eta erreklamau zeinkez justifikau zeinkezan gastu guztiak (horretarako, ezinbestekoa da ordainagiri edo faktura guztiak gordetea).
- Kalte moralak be erreklamau zeinkez, batez be frogatzeko modurik badozu kalte emozionala edo profesionala jazo dala.
- Erreklametako epea 5 urtekoa da gorabeherea jazoten danetik hasita. Azken 5 urteotan jazo bada (hegaldia bertan behera ixtea nahiz atzerapena), erreklametako garaiz zagoz.
Hegaldi bategaz arazoak izan ezkero, Erreklamatugaz hartu-emonetan jartea gomendatzen dogu, gure informazino eta konsulta zerbitzua doban baita. Gure abokatuek intzidentzia aztertu eta erabiltzaileari bere eskubideen eta erreklamazino bat egiteko aukeren barri emongo deutse.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!