Arte, diseinu eta teknologia sorkuntzak Gau Zuriaken
2025-06-10 12:43 KultureaBagilaren 13 eta 14an, 19:30etik 00:30era.

Gau Zuria ekitaldi kulturalak Bilbo argiztuko dau uriaren Fundazinoaren 725. urteurrenaren ospakizunen barruan. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok aurkeztu dau programazino osoa prentsaurrean, Kultura eta Gobernantza zinegotzi Gonzalo Olabarriagaz eta Gau Zuriako zuzendari Begoña Escribanogaz batera.
Juan Mari Aburtok ondokoa adierazo dau: Bilbo uri bizia, edegia eta etenbako eraldaketan dago. Haren nortasuna kultura-proposamen barritzaile eta abangoardistei harrerea egiteko kapazidadeak marketan dau. Gau Zuria horren adibide da eta uriaren 725. urteurrena ospatzeko eszenatoki ezin hobea. Bagilero bezela, Bilbo argiaren eta sormenaren agertoki bihurtzen da, bilbotarrentzat eta bisitarientzat topagune izanik eta munduari uri moderno eta etenbako egokitzapenean dagoan baten irudia eskaintzen deutso.
Ekitaldia datorren asteburuan egingo da, bagilaren 13an eta 14an, barikuan eta zapatuan, 19:30etik 00:30era. Herritarrek 34 proposamen artistikoz disfrutau ahal izango dabe, artea, diseinua eta teknologia buztartzen dituen esku-hartze artistiko, argiztapen-lan, ikuskizun ibiltari eta talde koral nahiz instrumentalakaz.
Edozeinentzako programazinoa da, irisgarria, parte-hartzailea eta tokiko garapen iraunkorreko ereduakaz bat datorrena. Jarduera asko berdegune eta gune publikoetan izango dira, programa edegia eta plurala sustatuz, gaineratu dau Aburtok.
Bilboko kultura-gune nagusiek (Arriaga Antzokia, Azkuna Zentroa, Uribitarte40 Aretoa, Arte Ederren Museoa, Itsasmuseum eta Euskalduna Jauregia) hainbat sormen-proposamen hartuko ditue. Ganera, kaleak, plazak, kaialdeak eta zubiak eszenatoki bihurtuko dira, uri-paisaia esperientzia sensorial eta artistiko bihurtuz. Musikeak be protagonismo handia izango dau.
Aurton Iberdrola Torreak bat egingo dau arte-esparru bezela, site-specific esku-hartzea aurkeztuz.
Gau Zuria erreferente kultural bihurtu da eta edizino honetan parte hartuko dabe munduko argi-festibal ospetsuenetan (Lyon, Australia, Paris, Berlin) presente dagozan nazinoarteko taldeek, baita nazinoarteko proiekzinoa daben artista lokalek be (Logela Multimedia, Javier Riera...).
Begoña Escribanok programazinoaren errepasoa egin dau, ondokoa nabarmenduz: aurreko edizinoetako instalazino birformulatuak ikusi daitekez, esaterako Konstelazinoak, Zialumak, Orain, Lilurearen Lorategia edo Kolore Biziak. Horreezaz gan, Gau Zuriak Abandoibarrako Itsasargiak eta Santiago Katedraleko portikoan egingo diran talde koral eta instrumentalek emondako kontzertuak berreskuratzen ditu. Uriko ohiko zaratearen artean, ganera, ikuskizun ibiltari bi ibiliko dira Bilboko hainbat espaziotan.
Bilboren 725. urteurrena
Gau Zuria Bilbo fundau zaneko 725. urteurrenaren ospakizunen barruan dago.
Bagilaren 15ean, domekan, hau da, uria 1300. urtean sortu zan egunean, Bilboko Banderearen igonaldia egingo da, alkateak eta Udalbatzako ordezkariek zuzenduta, Ernesto Erkoreka Plazako lorategi nagusietan. Ondoren, Herritarren Lore Eskaintzea egingo da Don Diegoren akorduz. Juan Mari Aburto alkatea, zinegotziakaz batera, jantzari eta txistulariakaz, Udaletxean hasi eta Plaza Zirkularrera joango dira, uriaren fundatzailearen estatuaren ondoan. Berton, erromeria egingo da.
Barnuko esparruetan sartzea doban izango da, edukierea bete arte.
Ikusi programa osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!