Alberto Cortesek 'Analphabet' estreinauko dau Bilbon

Bizkaie! 2025-06-06 13:32   Kulturea

Obra horregaz, Azkuna Zentroak amaierea emongo deutso eszenAZ 2024-2025 denporaldiari.

'Analphabet', Alberto Cortes. | Ikusi handiago | Argazki originala

Alberto Cortes antzerkigile eta performerrak haren azken sorkuntza eszenikoa, Analphabet, aurkeztuko dau Azkuna Zentroan. Terrasako TNT 2024 jaialdian estreinautako pieza horrek mito edo legenda queer baten asmakuntzea da: ingurune naturaletan bikoteei agertzen jaken eta haragiaren zaurian harrapauta bizi dan espiritu erromantiko batena hain zuzen be.

-Analphabet-ek erromantizismo alemaniarraren eta Andaluziako idiosinkrasiaren errastua dau: aditzera emonez zer egin leiken poesiak tratu txarren zauriaren aurrean. Halanbeharrez, desiraz, mamua irudikatu nahi izan dodalako, maitale-bikotearen tratu txarrak jaso dituan gorputzak ordenau edo osatu daitezan. Ilunabarrean, bikote batek eztabaida latza izan dau Gulpiyuriko hondartzan. Horren ondoren, -Analphabet- izeneko mamu erromantikoa agiri da itsasoaren ganean. Beraz, istorioa kontau eta abestiak kantauko deutsoz bikoteari. Mamua azaltzen danean agirian jarten dau maitaleen bikotea izeneko hori amildegia dala, eta amodio-egitura horren barruan tratu txarrak izaten ditugula. Haren historia personalak genero barruko indarkerien kaxea edegiten dau, agirian jarriz zorrotz jagon behar dogula alkar, dino egileak.

Artisteak, Alemaniako erromantizismoaren poesia eta paisajea ditu ardatz (Goethe, Hölderlin eta Novalis), baina Andaluziako idiosinkrasiaz eta Euskadiko amodio baten zauri larri bat be erabilten da.

Analphabet laneko testua eta pieza sortzeko prozesua jasotzen dauen lan-egunkaria Siempre vengo de noche (Continta me tienes, 2024) liburuan argitaratuta dagoz.

Lan horregaz, Azkuna Zentroak amaierea emongo deutso eszenAZ 2024-2025 denporaldiari, jantzea, antzerkia eta lengoaia eszeniko barrien inguruko hogei bat ikuskizun izan dituana. Zuzeneko arteen programa egonkorrak eszena garaikidearen kode barrietara hurreratzea proponiduten dau, Bilboko Alondegia tokiko eta nazinoarteko lan barritzaileenen agertoki bihurtuz.

Bagilaren 12an ikusi ahal izango da Azkuna Zentroko Auditorioan. Sarrerak hemen.

Alberto Cortes

Alberto Cortes (Malaga) performerra, eszena-zuzendaria eta antzerkigilea da. Sevillan bizi da eta hainbat lekutan egiten dau lan. Artearen Historia ikasitakoa, Espainiako artista eszenikoen belaunaldi barrien arteko sortzaile harrigarrienetakoa da. Sormen askatasuna da haren obrearen ezaugarria, karga teoriko eta poetikoa nabarmenduz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu