Durangaldea ezagutzeko bisita gidatuen katalogoa osotu dau Gerediagak

Bizkaie! 2025-06-06 08:25   Kulturea

Hamasei bisitak doban izango dira.

Gerediaga Alkarteak Durangaldeko ondarea eta historian sakontzea dauka bere egiteko nagusietako bat. Jasoten dauen edo moltsotuten dauen ezagutzea jentarteari zabaltzeko hainbat ekimen egiten ditu. Oraingoan, urteetan eskainitako bisita gidatuak egituratu eta katalogo batean jaso ditugu.

Danetara, 16 bisita gidatu diseinau ditugu eta danak dagoz konsultagarri gerediaga.eus webgunean. Durangaldeko herrietako historia eta ondare materialean eta inmaterialean sartzko aukerea dira bisitak. Gehienez, 25- 30 personako taldeei eskainitako bisitak izaten dira eta eskari bidez atontzen dira.

Durangaldearen ikuspegi zabala emoteko helburuagaz, eskualdeko udalerrien historia eta ondarea ezagutzera emoteko herri bakotxeko bisita bat atondu dogu. Badira, baina, bisita bi edo gehiago dituen herriak: Berriz, Mallabia eta Durango, berbarako.

Ahalegindu gara, bisita gehienak irisgarriak izan daitezan. Irisgarriak eta edonozeinek egiteko modukoak. Baina, Urkiolako Natur-Parkeko eta Mañariko bisitak ohikoak baino luzeagoak izateaz aparte, mendiko oinetakoak jantzita egitea gomendatzen dogu, bide maldatsua dalako leku batzuetan.

Urkiola Landa Garapena alkarteagaz lankidetzea

Katalogoaren zabalkundeari begira, Urkiola Landa Garapena alkartearen babesa dauka Gerediaga Alkarteak. Urkiola Landa Garapenak eta Gerediaga bat egin dabe proiektu honetan, landa garapenerako izaerea
dauelako eta landa-turismoaren garapenean eragiten dauelako egitasmoak. Horrezaz gan, eskualdeko landa-ingurunea helmuga turistiko jasangarri baterako bokazinoa be badau ekimenak.

Bagilaren 22tik irailaren 28ra, dobako 11 bisita gidatu programau dira:

Bagilean 3 bisita izango dira, garagarrilean be 3 bisita eta irailean ganerako 5 bisitak. Urkiola Landa Garapena Alkartean ordezkaritzea daben udalerrietan izango dira bisitak. Bisita bereziak izango dira. Euskeraz izango dira bisita guztiak. Gehienez, 25-30 personako taldeak osotuko dira bisita bakotxeko, baina norbanakoek edo talde txikietan izena emoteko aukerea egongo da. Bisitak doban izango dira. Halan da be, ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena emotea eta atontzaileen baieztapena jasotea. Horretarako, Gerediaga Alkartera jo behar da telefonoz 946818066 zenbakira deituta edo mezu elektronikoa gerediaga@gerediaga.eus helbide elektronikora bialduta.

Honako honeek izango dira bisitak:


Bagila

  • Bagilak 22, domekea, 11:00-13:30 / Durango: Erdi Aroko Hiribildua. Ibilbide erraza. Bisitearen amaieran, Durangaldeko KM0 produktuak probetako aukerea izango dabe parte-hartzaileei.
  • Bagilak 28, zapatua, 16:00-19:00 / Abadiño: Natur-parkean murgilduta. Mendiko oinetakoak eta ura eroatea eskatzen jake parte-hartzaileei. Ibilbidearen zati bat aldapan gora izango da.
  • Bagilak 29, domekea, 10:30-12:30 / Mañaria: Harri herria. Herrigunean hasiko da ibilbidea, baina ibilbide aldapatsua izango da. Ura eta mendiko oinetakoak eroatea da gomendioa ibilbide pikea delako leku batzuetan.

Garagarrila

  • Garagarrilak 5, zapatua, 17:00-18:00 / Amorebieta-Etxano: Izen biko herria.
  • Garagarrilak 6, domekea, 11:00:12:30 / Elorrio: Jauregien erreinua.
  • Garagarrilak 12, zapatua, 11:00-12:30 / Zaldibar: Bainuetxearen ohiartzuna.

Iraila

  • Irailak 13, domeka, 16:30-18:00 / Izurtza: Etxaburutarren dorrea.
  • Irailak 20, zapatua, 11:00-12:30 / Iurreta: Auzolanean eraikitako herria.
  • Irailak 21, domekea, 11:00-12:30 / Berriz: Markesaren paisaiak.
  • Irailak 27, zapatua, 10:30-12:30 / Atxondo: Anbotopeko herria.
  • Irailak 28, domekea, 11:00-12:30 / Garai: Durangaldeko balkoia. Bisitearen zati bat parte-hartzaileen kotxeetan egingo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu