Foru Jauregiak ateak edegi ditu

Bizkaie! 2025-06-05 13:34   Kulturea

125. urteurrena ospatzeko asmoz.

Leixuri Arrizabalaga. | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurton 125 urte beteten dira Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza instituzionala dan Foru Jauregia inaugurau zanetik. Hori dala eta, Aldundiak eraikin enblematiko horren ateak edegiko ditu, Bizkaiko herritarrek historia, arkitekturea eta ondare-balioa ezagutu deiezan.

1900. urtean inaugurau eben Luis Aladrén arkitektoak diseinautako jauregia. Bilboko Kale Nagusian dauen presentziagaitik nabarmentzen da Foru Jauregia. Barrualdean hainbat artelan eta historiaz betetako txokoak dagoz eta doan bisitau daitekez ondokoetan eskabidea eginez (www.bizkaia.eus, 946083537, 673000238 telefonoetan edota bisitak@bizkaia.eus).

Leixuri Arrizabalagak adierazo dauanez, urteurren hau herritarrakaz ospatu nahi dogu. Jauregiko ateak edegita dagoz doban, mundu guztia hurreratu eta bertako sekretuak ezagutu deiezan.

Horrezaz gan, foru jauregiari buruzko argitalpen berezia eta dibulgazinoko podcastak sortuko dira, eraikinaren historian, balio arkitektonikoan eta Bizkaiko bizitza instituzinonalean izandako eginkizunean sakontzeko. 

Ganera, Bizkaiko jantza, musika, kultura eta kirol arloko hainbat persona nabarmenek Jauregiaren urteurren kanpaineagaz bat egiten daben publizidade bideoak argitaratuko dira, besteak beste, ondoko honeek hartuko dabe parte: Oscar de Marcos (Athletic Club), Hodei Barandalla (Genuine), Irene Oguiza (Athletic Club), Fernando Velazquez (Konpositorea) eta Paule Mallagarai (abeslaria, aktorea eta jantzaria) eta The Factory Company (Bilboko jantza konpainia).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu