Itxaso Martin Zapirainek irabazi dau Zazpikale saria
2025-06-05 09:10 KultureaPuntobobo liburuaren idazleak aurten Bilbon jaso dauen bigarren saria da.

Itxaso Martin Zapirain idazle eta antropologo donostiarrak Bilboko Liburu Azokan egon da eta Zazpikale saria jaso dau Kutxabankeko Leire Pinedoren eskutik. Ekitaldian Asier Muniategi Bilboko Liburu azokako zuzendaria eta Erein argitaletxeko gerentea dan Gari Arzallus be egon dira. Muniategik idazle donostiarraren presentzia eskertu nahi izan dau eta sari honengaitik zoriondu: guretzako poztasuna da beti euskal liburuak saritzea. Itxaso Martin saritzen dogu orain. Liburu egunean be saritua izan zan Martín eta orain, barriz, Zazpikale saria jaso dau 55. Bilboko Liburu Azokan.
Gari Arzallusek Zapiran zoriondu eta nabarmendu dauenez, ezustea da holako liburuak topau eta gustora irakurtea egungo gaietan oinarritutako eleberriak diranean. Uste dot gure espiritu kritiko hori sendotzen, sakontzen laguntzen daben liburuak dirala, eta hori eskertzekoa da.
Itxaso Martin idazleak pozarren hartu dau saria eta ondokoa nabarmendu dau: ez da oso erraza norberaren lanari buruz berba egitea, ez behintzat azken puntua jarri dozunetik urtebete eskas igaro danean, eta horregaitik lau protagonistez inguratuta bizi zarela sentiduten dozunean. Lau emakume dira, lau persona ezbardin, baina danek bizi daben testuinguru matxistearen ondorioz sufriduten dagozan personak dira. Euren isiltasunetan geratzen da agirian zelan diran biktima eta erresistente, bakotxa bere erara.
55. Bilboko Liburu Azoka. Bagilak 5eko egitaraua
Gaur, hilak 5, eguerdiko 12:00etan, Alazne Díezek Zarzas, raíces y frutos de la memoria aurkeztuko dau Kutxabank Topagunean.
17:00etan, Santiago Liberalek Amat Verbum aurkeztuko dau Kutxabank Topagunean.
18:00etan, Kutxabank Topagunean, Tomas Medinak Thabi aurkeztuko dau.
19:00retan, Kutxabank Topagunean, Igor G. Vicok Trato hecho aurkeztuko dau.
19:00retan, Bidebarrietan: Begirada literarioak. Sara Cabrerak Juan Cruz eta David Uclésen arteko barriketaldia moderauko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!