'Emakumea euskal zuzenbidean' ikastaroa, bagilaren 19an eta 20an
2025-06-04 13:42 KultureaEdozeinek parte hartu leike, emon izena hemen.

Gernikako Batzarretxeak EHUren Emakumea euskal zuzenbidean Udako Ikastaroa hartuko dau bagilaren 19an eta 20an, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen laguntzeagaz. Euskal Unibersidade Publikoaren Udako Ikastaroen barruan dagoan prestakuntza akademiko horrek emakumeen eskubideen babesean eta balioespenean euskal zuzenbideak izan eban aurrendaritzeari buruzko gogoetea egingo dau.
Ikastaroa gaur goizean aurkeztu dabe Bilboko Batzar Nagusiak eraakundeko egoitzan eta berton izan dira Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko burua, Itziar Alkorta Idiakez (EHU) eta Mikel Mancisidor de la Fuente (Deustuko Unibersidadea) ikastaroaren zuzendariak eta Itziar Liceaga Romero Batzar Nagusiak erakundeko legelaria.
Jarduerea edozeinentzako da: unibersidadeko ikasle, profesional, behargin eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko eta Aldundiko ordezkarientzat. Euskal zuzenbidea aztertuko dabe, baita emakumeen eskubideak babesteko eta autortzeko garaiari aurrea hartuta izan eban zeregina be. Ana Otaduik ondokoa adierazo dau: gaia oso egokia da Batzar Nagusi honeetarako, kontuan hartuta 2017tik lantzen gabilzan Bardintasun Planaren bitartez gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren alde behar egitea jarri dogula helburu lez.
Ikastaro horretan, emakumeek euskal arau-testu guztietan daben inportantzia juridikoa balioetsiko da, Euskal Zuzenbide Zibil Historikotik hasi eta egungo legeraino. Halanda ze, datorren urtean 500 urte beteko dira Foru Barria onartu zanetik eta une haretan bertan, Otaduik gogora ekarri dauenez, Emakumea Euskal Zuzenbidean bardintasunez hartzen zan, legeek sexuagaitiko bereizkeria printzipioak jasoten ez zituen garaian.
Ikastaroak, beraz, aukera parebakoa emongo dau emakumeek euskal historia juridikoan daben lekua aztertu, ikasi eta eztabaidatzeko, Gernikako Batzarretxea lako ingurune sinbolikoan. Ikastaroa Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko egoitzan izateak Mendietaren Fernando Katolikoaren zina bizkaitarren aurrean 1476an margolana testuinguruan jartea lagunduko dau, Alberto Santanaren eskutik. Margolana hemizikloaren buru da, eta, dinoenez, Europako artearen historian emakumeak irudikapen politiko batean ikusten diran lehenengoa da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!