'24 Emakume zientzian, artean eta letretan', Amorebieta-Etxanon ikusgai
2025-06-04 10:52 KultureaZubiondo parkean, bagilaren 16ra arte.

Emakumeek zientzian, artean eta letretan daben talentua, sormena eta ekarpena izango dira protagonista Amorebieta-Etxanon, Jakiundek atondutako 24 emakume zientzian, artean eta letretan erakusketa ibiltariari esker. Erakusketea aire zabalean eta doban bisitau ahal izango da Zubiondo parkean, bagilaren 16ra arte. Halanda ze, 24 emakumeren ibilbide bisual eta inspiratzailea eskainiko dau.
Erakusketeak emakumeek ezagutzearen arloetan daben eginkizunaz hausnartu eta bardintasuneko gizarte bati egiten deutsen ekarpena autortu daian konbidetan dau ikuslea. Marina Palacio artisteak egindako erretratu eta ikus-entzunezko testigantzek osotzen dabe erakusketea eta QR bitartez dagoz eskuragarri, baita Jakiunderen YouTubeko kanalean be.
Protagonistak Jakiundeko 24 emakume dira, hainbat profil eta belaunalditako zientzialari, sortzaile eta pentsalariak. Batzuek ibilbide sendoak ditue eta beste batzuek, barriz, euren diziplinetan lan aitzindaria egiten daben emakumeen belaunaldi barria ordezkatzen dabe. Hori bai, guztiek helburu bera dabe: bide barriak ikusarazotea, oztopo historikoak gainditzea eta belaunaldi barrientzako inspirazino iturri izatea.
Horreen artean, Aran Garcia-Lekue zornotzarra dago, fisikaria eta ikertzailea. Tokiko talentua ordezkatzen dau nazinoarteko proiektuetan. Haren esperientzia erakusketan ikusi daiteke, baita ondoko estekan be: Aran Garcia-Lekue.
Ekimen horren helburua ondokoa da: emakumeek gizartearen garapenerako oinarrizkoak diran arloetan egiten daben lana ikusarazotea, gazte eta helduentzat inspirazino iturri bihurtuz, baita estereotipoak apurtuz be.
Erakusketea doban ikusteko aukerea dago. Beraz, upealako aukerea da emakumeen ekarpena autortzeko, hausnarketea sustatzeko eta aukera bardintasunean oinarritutako gizarte baten alde pausuak emoteko, izen propioa daben 24 ahotsen bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!