Zenbat Gara alkarteak 2025eko Ibilbideari Elkar Saria jaso dau
2025-06-04 08:10 KultureaPoza eta esker ona jaso dau Zenbat Garak Elkar Fundazinoak emoten dauen Ibilbideari Elkar Saria.

Bilboko Kafe Antzokian jaso dau saria ekitaldi hunkigarrian eta euskerearen eta euskal kulturearen alde egindako hamarkadetako lan oparoa autortu deutso fundazinoak Bilboko alkarteari. Zenbat Garari Ibilbideari Elkar Sariaz gan, proiektuari Elkar Saria be banatu da. Kultur egitasmo bat martxan jarri, edo aurretik martxan dan baten garapenerako laguntzea emoteko helburua dauen sari hau Kanaldude telebistari emon deutso fundazinoak.
Orain hiru aste iragarri eban Elkar Fundazinoak Ibilbideari Saria Zenbat Gara alkarteari emotea erabaki ebala, alkartea 1994an sortu zanetik hona egindako Ibilbideagaitik, izan be, eeuskeraz biziteko eta euskal kulturan sartzeko aukerak sortzen egindako ahalegina nabarmendu dau Elkar Fundazinoak, eta hori guztia Bilboko erdigunean, euskal kulturdak bere burua erakustea erraza ez dauen gunean, inguruan euskaldun kopuru handia izan arren egin dauela azpimarratu dau fundazinoak. Haren esanetan, Zenbat Gararen ekarpen hori izan barik euskerearen egoerea eta euskal kulturearen presentzia ez zan bardina izango ez Bilbon ez inguruan. Bilbok bezela, Euskal Herriak igarri dau Zenbat Gara alkartearen ekarpena.
Gabriel Aresti Euskaltegia eta aurten 30 urte beteko dituan Kafe Antzokia bera ez eze, Bilbo Hiria Irratia, Algara konparsea, Erroa argitaletxea eta ume eta gazteentzako Kurkuluxetan eta Gazteola ekimenak be nabarmendu ditue, Zenbat Gararen ekimenak baitira danak.
Esker ona eta etorkizunerako konpromisoaEider Cortezónek eta Eider Del Cantoe Zenbat Gararen izenean egin dabe berba.
Saria jasotean, Zenbat Gararen izenean, Eider Del Cantok eta Eider Cortezónek esker ona adierazo dabe: bihotzez estimetan dogu euskalgintzan holako bide luzea egin dauen eragile garrantzitsuak gureari erreparetea eta orain arte egin doguna haintzat hartzea. Saria bidean segiduteko indarra emoten deutsela gaineratu dabe.
Alkartearen ibilbideari erreparauta, hasierea gogoratu dabe: Euskaltegiaz harago, euskalduntzeari Bilbon falta jakona bilatzen hasi ginan Zenbat Garan, euskeraz, modu naturalean hatu-emonetarako aukerak sortu guran. Horren lekuko nagusi da Kafe Antzokia, laster, abenduaren 15ean 30 urte beteko dituana. Hasierako helburu horreek eta beste asmo handiago batzuk be izan zirala azaldu dabe: Bilbon bizi dan euskal komunidadea batu eta sendotzea eta euskaldun danak hiztun aktiboak eta euskal sorkuntzearen hartzaile eta eragile bihurtzea.
Gogoan izan ditue hasierako ibilbidean bidelagun izandako lagunak, badaezpadanekoak izan baitziran gure proiektuan ideak, personak eta baliabideak artikuletako: hareen eskutik, lantzen genbizan euskerearen ezagutza eta erabileraz gan, motibazinoa be formuletan hasi ginan, jaubetuta hizkuntzea-kulturea-herria banatuezinak dirala herri izaten jarraituko badogu.
Ibilbidean izandako estutasunak be nabarmendiu ditue: geuk be geure gorabeherak izan ditugu, lurralde aldapatsuan egotea subertau jakun. Bilbo Handian erderea da nagusi eta lanaren ordaina ikustea oso gatxa da. Erronkea arabere handiagoa da, euskalgintzan gabilzanok nahi geunkena baino gitxiago baikara eta babes instituzionalik apenas daukagunean.
Halan da guztiz be, etorkizunari begira, baikortasuna eta konpromisoa nagusitu dira: bai, ilusinoari eutsen deutsagu, erronka asko ditugu, euskerea bizibarritzeko prozesuak ez dau etenik, ekarpen apala egiten jarraituko dogu, beti kolektibotasunetik, beti tokiko eta nazino mailatik eta alkarlanetik, jarraitutasunaren eta jarrera edegiaren arteko orekea bilatuz, akatsetatik ikasiz, belaunaldi barriei segidea emonez, egindako bidea erakutsiz eta etorkizunerako bidea jorratuz.
Eskerrak emoteko tarte zabala be izan dabe eta hunkituta gogoratu ditue hamarkadotan bidelagun izandako musikari, idazle, bertsolari, antzerkilari, teknikari, pailazo, kulturgile-sortzaile guztiak, baina baita kolaboratzaile, lankide, esatari, sukaldari, bolondres, irakasle, konparsakide, entzule, irakurle, ikasle eta lagun asko be, izan be, Zenbat Gararen ordezkariek azpimarratu dabenez, hareen, zuen ekarpenari esker be posible izan da gure ibilbidea. Gaurko sari hau, gure ustez, guztiona da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!