Egin eta Ekinek ikasleen talentu ekintzaileak saritu ditu

Bizkaie! 2025-06-03 08:40   Kulturea

Bizkaiko 39 ikastetxetako ia 1.500 ikaslek parte hartu dabe programan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak lurraldeko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen artean kultura ekintzailea sustatzeko 17. Egin eta Ekin prestakuntza-programearen sari-banaketea egin dau. Danetara, 39 ikastetxetako (22 publiko eta 17 itunpeko) 1.464 ikaslek parte hartu dabe, 74 taldetan lan eginez eta barrikuntza, jasangarritasuna eta eragin soziala buztartzen.

Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko foru diputaduak, ondokoa aitatu dau: Bizkaiko Foru Aldundian zuen onena emoteko, ikasteko eta geratzeko aukerea izateko egiten dogu lan. Etorkizuneko proiektu ekintzaileak lantzeko aholkularitzea, laguntzea eta B Accelerator Toweren Ekintzailetzako Nazinoarteko Zentroa dituzue eskura.

Proiektu irabazleek aplikazino teknologikoak eta gizarte eta ingurumen-inpaktuko urtenbideak hartzen ditue barruan. Asmakizunen kategorian (DBHko 1. eta 2. mailak), lehen saria Sopuertako San Viator ikastetxeko ikasleentzat izan da, Osasun Kutxa proiektuagaz, perretxiko jangarriak identifiketako kutxa adimenduna. Negozio Planetan, DBHko 3. eta 4. mailako kategorian, IES Markina BHIk irabazi dau, baratze bertikal adimendunen Ecogarden proiektuagaz; eta, Igorreko IES Arratia BHIk Batxilergoko kategoriako lehen saria lortu dau Herribas proiektuagaz; ostatu eta enplegua eskaintzen deutse migratzaileei baserri batean. Bilboko Berdendona Institutuak Bardintasun kategoriako saria eskuratu dau.

Programa horren bidez Bizkaiko Foru Aldundiak bokazino ekintzaileak biztu nahi ditu txikitatik, funtsezko konpetentzia personalak bultzatuz, esaterako lidergoa, pensamendu kritikoa, erabagiak hartzea edo talde-lana. Ikasturtean zehar ikasleek tailer, dinamika, hitzaldi eta bisitetan parte-hartzen dabe Bizkaiko enpresen errealidadea ezagutzeko.

Ganera, aurton, Ekonomia Sustatzeko Sailak gidea argitaratu dau parte hartu daben ikasleen familientzat, etxetik be ekintzailetzea sustatzeko. Argitalpenak tresna praktikoak eskaintzen ditu gurasoek euren seme-alaben artean sormena, erresilientzia, autonomia edo lankidetzea lako trebetasunak bultzatu deiezan, ezaugarri horreek oinarrizkoak dira-eta ikasleen garapen personal eta profesionalerako.

GEM Euskadiren azken txostenak adierazoten dauenez, euskal ekosistemeak egiturazko indarguneak ditu, baina derrigorrez aurrera egin behar dau hezkuntza ekintzailean. Euskadi Europako sailkapeneko laugarren postuan dago ekiteko baldintzei jagokonez, baina oraindino be oztopoak dagoz, adibidez porrotaren bildurra edo gazteen parte-hartze eskasa. Egin eta Ekin ekimenak eta familia-gida barri horrek, hain zuzen be, erronka horri erantzuten deutse: ikasgelatik eta etxetik ideak aukera erreal bihurtzeko gai dan jarrera ekintzailea landuz.

Sarituen zerrendea

- Asmakizunen kategoria. Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren maila.

  • Lehen saria: Centro San Viator Ikastetxea (Sopuerta). Osasun Kutxa: perretxiko jangarriak eta jangarriak ez direnak identifiketako kutxa adimenduna.
  • Akzesita: Seber Altube Ikastola (Gernika). Txikiliburua: euskerea sustatzeko liburu adimenduna.

- Negozio planen kategoria. Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailea.

  • Lehen saria. IES Markina BHI (Markina). Ecogarden: lorategi eta baratze bertikal adimendunak.
  • Akzesita: IES San Adrian BHI (Bilbo). Parking4U: urietan aparkatzea errazten dauen aplikazinoa.

- Batxilergoa.

  • Lehen saria. IES Arratia BHI (Igorre). Herribas: etorkinei ostatu eta lana eskaintzen deutsen baserria.
  • Akzesita: IES Gabriel Aresti BHI (Bilbo). Desmugikortu: sakeleko telefonorik bako deskonexino-erretiroak.

- Bardintasun kategoria.

  • IES Bertendona BHI (Bilbo).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu