Deabru Beltzak euskal antzerki taldeak 'Su Talka' lan barria estreinauko dau
2025-06-02 12:56 KultureaBagilaren 7an Bretainiako Le Printemps des Abers jaialdian.

Deabru Beltzak taldeak Euskal Herritik kanpo produkzino bat estreinetan dauen lehen aldia da, mugarri bat euskal antzerkiaren sektorerako. Su Talka ikuskizun barritzailea da, dramaturgia mutua, efektu bereziak eta piroteknia buztartzen dituana, esperientzia murgiltzailea eta eragin bisual handikoa, Frantziako zentro nazionaletan sormenerako egonaldiak jorratzea lortu dauen lehen euskal antzerki konpainia.
Merkaturatze hori beste mugarri bat da konpainiaren ibilbidean, izan be, 2026an 30 urteko historia ospatuko dau.
Taldearen zortzigarren lana dan Su Talka gaueko ikuskizunean 6 aktore/musikarik parte hartzen dabe eta 45 minutuko iraupena dau. Ibilaldiak, joan-etorriak, geldialdiak eta amaiera eszeniko bat batzen ditu.
Suaren eraketea birsortzen da, talkatik eta marruskaduratik sortzen dana. Lan honetan txinpartak sortzen dituen tanborren hotsa, transmitiduten dan beroa, erritmoa eta argia ekarten dira gogora. Ikuskizun harrigarria, publikoaren aurreko topaketea eta alkarreragina sustatzen dauena.
Egoitza artistikoen prozesu bizi bati esker sortu da Su Talka. Konpainia Île-de-Francen egon da, Le Moulin Fondun eta, ondoren, Bretainiako Le Fourneaun, eta estreinaldiagaz amaituko da.
Esperientzia murgiltzaileak eta ikusmen-inpaktu handikoak sortzeko dauen gaitasunagaitik autortutako konpainiaren eretxiz, Su Talkak ez dau inor hotz itxiko.
Bilboko Udalak, Mairie-Libourneko Udalak, Le Fourneau centre National des Arts de la Rue Brest zentroak, Le Moulin Fonduk, Garges les Gonessek, Festival dos Canais Aveirok, Gasteizko Udalak, Festival Itinerantak eta Etxepare Euskal Institutuak - Ca Colle au Basque parte hartu dabe produkzino honetan.
Talde artistikoa eta teknikoa
Deabru Beltzak taldeak, Garbitxuren zuzendaritza artistikoagaz, barrikuntzak egin ditu produkzino honetan. Talde artistiko eta teknikoaren barruan, Zesar A. Ogara, Garbitxugaz batera bazkide eta Deabru Beltzak taldearen sortzailea; Rubén Sastre, Rafael Ariza, Iker Barrientos eta Erlantz Eizmendi dagoz musikari eta piroteknia (Guillaume Pujol eta Poudre Rougeren laguntzea) lanetan.
Efektu bereziak, jantziak, makillajea eta musika-tresnen diseinua konpainiak berak sortzen ditu, Iñaki Etxeandiaren laguntzeagaz.
Su Talka birea
Nazinoarteko estreinaldiaren ondoren, Su Talka Euskal Herrira helduko da. Euskal estreinaldia bagilaren 13an izango da, Iurretan; ondoren, bagilaren 27an, Hernanin; bagilaren 28an, Mundakan; garagarrilaren 2an, Berrizen; gararrilaren 3an, Mungian; abuztuaren 14an, Aretxabaletan; eta abuztuaren 2an, Guardian.
Bira honi esker, euskal kale-antzerkiaren konpainia internazionalenaren proposamen barriaz gozetako aukerea izango dau euskal publikoak.
Horrezaz gan, Frantzian, Italian, Britainia Handian eta Portugalen ekitaldi garrantzitsuenetan hitzorduak kontratauta ditu uda honetarako. Oraingoz, ia 50 dira Europan Su Talka egiteko aurreikusitako jarduerak.
Deabru Beltzak
Deabru Beltzak Kale Antzerkia 1996an jaio zan, Euskal Herriko hainbat talde profesionaletako aktoreen eskutik. Ordutik, 18 muntaia, 3.700 antzezpen baino gehiago, enkarguzko 84 ekitaldi, uriko jaietako 56 zuzendaritza eta mundu osoko 35 antzerki-konpainia baino gehiagogaz alkarlanean ibili dira.
Bost kontinentetan eta 40 herrialdetan baino gehiagotan ibili dira, eta Euskal Herriko konpainiarik internazionalena izatea lortu dabe.
Taldearen produkzinoen ezaugarri nagusiak dira: ikuskizun ibiltariak, barrikuntzea, musikea, perkusinoa eta piroteknia buztartzea eta espazio publikoa agertoki eder eta parte-hartzaile bihurtzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!