XX. Deiadar Mendien Eguna Oizen, bagilaren 8an

Bizkaie! 2025-06-02 10:32   Kulturea

Mendi martxeak ibilbide zirkularra izango dau.



Batzar Nagusietarako deia egiteko tradizino mitikoa gogoratzeko erabilitako adarren soinuak indarrez joko dau barriro bagilaren 8an, domekan, Oiz mendiaren tontorrean. Aurton, Deiadar Mendien Egunak XX. edizinoa izango dau, Garai herria urteera eta helmuga izango dauen mendi martxa zirkularragaz.

Batzar Nagusietarako dei tradizionala Durangaldera bueltauko da (Oizera egindako azkenengo igoerea 2018an izan zan), azken urteetan beste lau deiadar tontorretara (Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza eta Sollube), eginako igoeren ostean. Holan izentau zituan Antonio Truebak XIX. mendean idatzitako kroniketan.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak lurraldeko bost mendi taldegaz lankidetzan gauzatuko dabe tradizinoa: Balmaseda Mendi Taldea (Balmaseda), Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango).

Aurtengo martxeak Garaiko erdialdetik goizeko 09:00etan hasiko dan ibilbide bakarra izango dau. Oraingo honetan, klub anfitrioiak –Alpino Tabira– ibilbide zirkularra planifikau dau, iparraldetik Kantauri itsasora eta hegoaldetik Bizkaiko barrualdera begiratzen dauen talaia honen inguruak ezkutetan dituan paisaia ederrak ezagutzeko.

Beste garai batzuetako kontakizun erromantikoak gogora ekarteko jardunaldian, 2004an Deiadar Mendien lehenengo edizinorako berariaz egindako adarra erabiliko da barriro. Eguerdiko 12:00etan Oiz mendiaren tontorrean adarren soinua entzun eta gero, atontzaileek jaigune txiki bat prestau dabe tontorretik gertu dagoan baseleiza batean. Bertan ez dira faltauko musikea eta mokau txiki bat.

Protokolozko ekitaldian, Durangoko Alpino Tabira mendi taldeak Ganekogorta mendirako igoerea atondu behar dauen Gailurra klubeko ordezkariari emongo deutso lekukoa. Igoera hori datorren urterako aurreikusita dago, egun bererako. Holan, deiadar mendietarako igoeren zikloagaz jarraituko da.

Deiadar Mendien Eguna martxa klasiko bihurtu da mendia eta euskal tradizinoak maite dituen personen artean. Igazko edizinoan ehundaka persona joan ziran Sollubera Bizkaiko Batzar Nagusietarako deialdian parte hartzeko, Antonio Truebak idatzitako kroniken arabera joandako denporetan egiten ziran deialdiak gogora ekarriz. Momentu historiko bakotxean Bizkaiko herritarren ardurak ezagutzera emoteko Gernikako Arbolearen azpian batzarrerako deialdirako errituala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu