'Gu ere bagara' liburua plazaratu dabe Ines Bermejok eta Julen Nafarratek
2025-06-02 08:53 KultureaGetxoko LGTBIQ+ persona nagusien istorioak jasotea izan da asmoa.

Getxoko LGTBIQ+ pertsona nagusien kontau bako istorioak liburu ilustratu batean jaso ditue Ines Bermejo artisteak eta Julen Nafarrate kazetariak, Gu ere bagara proiektuaren bidez. 2022. urtean hasi ziran Getxoko persona nagusien testigantzak jasoten, sexu-disidentziagaz lotutako memoria historikoa batzeko asmoz. Orain, batutako istorio horreek guztiak liburu batera batu eta argitaratuko ditue: topau ditugun bizipen eta errealidade honeek nonon jasota geratzea nahi genduan, ez galtzeko.
Orain dala hiru urte hasi ziran Bermejo eta Nafarrate herriko persona nagusiei alkarrizketak egiten, Getxoko aspaldiko istorioak batu eta gaur egun LGTBIQ+ personak zelan bizi diran ezagutu eta erakusketa bat egiteko asmoz: prozesua uste baino gatxagoa izan da. Gure helburua LGTBIQ+ persona nagusiei ikusgarritasuna emotea zan baina jaubetu gara hori ez zala euren beharra. Ikusezin izaten behartu zituen urteetan zehar eta orain ez eben foko publikoan agertu nahi, arrazoi askogaitik. Plana aldatu behar izan genduan. Azkenean, -Gu ere bagara- kale erakusketea atondu genduan alkarrizketetatik hainbat esaldi aukeratu eta artxiboko irudiak erabilita. Ordutik, herriz herri ibili gara euren proiektuaren barri emoten eta beste herri batzuetan antzeko prozesuak egiteko aukerea aztertzen, herriko memoria historikoa jaso eta LGTBIQ+ persona nagusien errealidateei ikusgarritasuna emoteko asmoz, besteak beste, Ordizian, Plentzian, Donostian, Gasteizen, Berangon, Bilbon edota Eibarren aurkezpenak egin doguz.
Liburuan, hasieran jasotako testingantzei jarraipena emon deutsee: proiektuaren hasieran bost alkarrizketa egin genduzan baina hilebete honeetan zehar bestelako istorioak jaso, liburuan txertatu eta, beraz, liburu ilustratura gai ugari batu ditugu: umezaroa, nerabezaroa, presino soziala, bazterketea, estereotipoak, sexilioa, sexu-pasinoa, zahartzaroa, heriotzea eta bestelakoak.
Istorio horreetako batzuk liburu honetan jaso ditugu, beste batzuk, barriz, bidean galdu dira, edo ez ditugu topau, eta asko galdu egingo dira. Orrialde honeetan bere osotasunean kontau bako istorioak agertzen dira: tatxoiak han-hemenka, begi estaliak, oihal zatiak, hutsuneak dituen argazki-albumak, eten puntuak... Irudiek eta istorioek ez dabe bat egiten; sormenak bete behar izan dau hutsune hori. Guk ez badogu gure historia kontetan, akaso galdu egingo dira. Edo okerrago, beste batek kontauko dau gure ordez.
Liburu ilustratua bagilaren 6an aurkeztuko da, Algortako Abian Kultur Alkartean, 19:30etik aurrera. Bermejok eta Nafarratek eskertu nahi izan dabe istorioak kontau eta argazkiak be itxi deuskuezan auzokide guztioi. Liburuaren maketazinoan Lander Telletxea diseinatzailea izan dabe bidelagun eta Lasarte-Oriako Antza Inprimategian inprimidu da. Liburuak Getxoko Udaleko sormen bekako diru- laguntzea jaso dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!