Partikularrek eta persona ezagunek eskainitako 400 liburu herritarren esku Bilbon
2025-05-30 12:38 KultureaMaiatzaren 31n, Bilboko 55. Liburu Azokan.

Bilboko 55. Liburu Azokan, BBK Banku Fundazinoaren liburu-denda iragankorrean, Libros que importan egingo da, Atrapavientos Alkarteak asmautako liburu-trukerako proposamen berezia. Alkarte hori 2016an jaio zan Zaragozan eta astegoien honetan helduko da Bilboko Arenalera, BBKren lankidetzeari esker. Libros que importan ekintza kultural eta parte-hartzailea da, eta joko erraza baina ahaltsua proponiduten dau, proiektuaren bultzatzaileen eretxiz, zure bizitea markau dauen liburu bat erregaletea, eskaintza personalaz gan, trukean beste batentzat be garrantzitsua izan dan beste ale bat jasotea ederra da.
Idea ez da liburuak beste barik trukatzea, irakurketa emozionalak, bizipenak eta lotura personalak konpartidutea baino, ale bakotxari balio erantsia emoten deutsena. Jarduera honen helburua irakurketea sustatzea da, dimensino emozional eta afektibo batean oinarrituz eta liburuaren balio sinbolikoa sustatzea, laguntzen, eraldatzen eta besteakaz konektetan gaituen objektu bezela.
Bilboko edizino honetan, gainera, alkartrukerako eskuragarri dagozan eta www.bookcrossing.es webgunean erregistrautako 400 liburu baino gehiago kultura, kirol eta literatura munduko persona ezagunek emon ditue eta proposamenagaz bat egin nahi izan dabe, beren eskuz idatzitako izenburu esanguratsuakaz, besteak beste, Ernesto Valverde, Aiora Rementeria, Txani Rodríguez, Dani Vivian, Galder Reguera edo Alfonso Zapico.
Jarduera guztiz dobakoa da eta publiko guztiarentzat zabalik dago, liburu garrantzitsu bategaz eta konpartidutako gogoagaz beti. Hitzordua bihar izango da, maiatzak 31, zapatua, BBK Banku Fundazinoaren standean, Bilboko Liburu Azokearen barruan. Azokea Euskadiko Liburu Ganbereak atondu dau, Bilboko Udalaren laguntzeagaz, Arenalan. Liburuak personen arteko zubi bihurtzen dira eta espazio kolektiboan irakurketak eta emozinoak trukatzeko aukera parebakoa da. BBK Banku Fundazinoaren liburuedenda iragankorrak edegita jarraituko dau Bilboko azokeak irauten dauen bitartean, datorren aste osoan bagilaren 8ra arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!