On Zientzia bideo-lehiaketearen sariak banatu ditue

Bizkaie! 2025-05-30 09:26   Zinemea

Unai García Lopez andoaindarrak irabazi dau euskerazko sari nagusia.

Zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta jatorrizkoak produzidutea eta zabaltzea dau helburu On Zientzia bideo-lehiaketeak. Urtero lez, Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) atontzen dabe, Teknopolis telebista-saioaren barruan.

Aurton 94 lan jaso dira; bideo gehienak euskeraz aurkeztu arren, badagoz gaztelaniazko eta ingelesezko bideoak be, parte-hartzaileen artean mundu osoko jentea dago-eta. Halanda ze, lan gehienak Euskal Herrikoak dira. Aurkeztutako bideo guztiak ikusgai dagoz lehiaketearen webgunean.

Epaimahaikideek ondoko lan honeek saritzea erabagi dabe:

Dibulgazino bideo onenaren saria (3.000 €) euskerazko eta gaztelaniazko lan banari ex aequo emotea erabagi dau aurton epaimahaiak. Batetik, Isadora, Renata eta Leonel Virosta Gutiérrez anai-arreba kantabriarrek irabazi dabe sari nagusia, ¿Cómo se forman realmente los bebés? bideoagaitik. Epaimahaiak ondokoa nabarmendu dau: kapaz izan dira eskulanen bidez eta ondo konbinautako baliabideekaz, bizitearen konplejutasuna oso modu eraginkorrean adierazoteko. Bestalde, Unai García Lopez andoaindarrak be irabazi dau sari nagusia, Etorkizuna gaur bideoagaitik. Epaimahaiaren ustez, oso ondo pentsautako kontakizuna da, irudien erabilerea egokiagaz. Danon ahotan dagoan gai baten inguruan pentsarazo eta gogoetea eragiten dau.

Euskerazko bideo onenaren saria (2.000 €) Joseba Zabala asteasuarrak jaso dau, Ezkutuko erraldoiaren eragina lanagaitik. Epaimahaiaren berbetan, ikusteko oso atsegina izateaz gan, baztertutako hipotesien balioa erakusten dau.

Gazte Saria (1.000 €) Donostiako Ubay Moll Ruiz ikasleak jaso dau, Platano erradioaktiboak lanagaitik. Epaimahaiaren ustez, kontzeptu ugari ondo adierazoten dituan bideoa da, koherentea.

Aurton, ganera, Nazino Batuen Erakundeak 2025a Zientzia eta Teknologia Kuantikoaren Nazinoarteko Urtea izentau dauenez, epaimahaiak ezohiko saria be emon dau: kuantikeari buruzko bideo onenaren BasQ saria (500 €). Bartzelonako Enric Ponce de León fisikariak jaso dau, Quantum Café lanagaitik. Epaimahaiaren berbetan, bideo originala da eta asmau dau kafetegi batean pasetan diran gauzakaz oso kontzeptu abstraktuak eta ulergatxak adierazotea.

Sariak banatu ditue Adolfo Morais Ezquerrok, Zientzia eta Barrikuntza sailburuordeak; Jon Abril Olaetxeak, Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak; Aran García Lekuek, DIPCko proiektu estrategikoen zuzendariak; Marian Iriarte Ormazabalek, EHUko errektoreorde eta epaimahaikideak; eta Javier Aizpurua Iriazabalek, BasQ zuzendari zientifikoak.

Epaimahaikideei jagokonez, honeek izan dira bideo laburrak epaitu dituenak: Marian Iriarte Ormazabal, EHUko Harreman Instituzinonaletarako eta Kulturako Errektoreordea; Jon Mattin Matxain Beraza, EHUko Kimika Fakultadeko dekanoa eta DIPCko alkartua; Itxaso Azcune Tolosa, DIPCko komunikazino-teknikaria; eta Nagore Rementeria Argote, Elhuyarreko kidea eta Teknopolis programako zuzendaria.

Saio berezi batean emongo dau Teknopolis telebista-saioak sari-banaketea, baita saritutako lanak eta saridunen azalpenak be. Bagilaren 7an 13:30ean izango da ikusgai saioa ETB1en eta hurrengo egunean, 13:30ean, barriz, ETB2n.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu