Martxan da 640 gazte batuko dituan Elhuyar Zientzia Azokea

Bizkaie! 2025-05-28 12:43   Kulturea

160 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko ditue.

Martxan da 2025eko Elhuyar Zientzia Azokea, izan be, goizeko 11:00etan emon jako hasierea. Ekitaldian izan dira, ekimena laguntzen daben euskal zientzia eta teknologia-sareko eragileakaz batera, ekimenaren babesleak: Eider Inunciaga Serna, Bilboko Udaleko Euskera, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazinoarteko Gaietarako Sailen zinegotzi ordezkaria; Isabel Sarrionandia eta Ibarra Fernandez, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresak Sustatzeko Zerbitzuko burua; Eneko Elorriaga Astigarraga, Erabiko Barrikuntzako zuzendaria eta sortzaileetako bat; eta Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia.

Azokak iraungo dauen lau egunetan, ikasturtean zehar egindako 160 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko ditue 12-18 urteko gazteek. Guztira, 640 gaztek hartuko dabe parte. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gan, Espainiako eta nazinoarteko azoketako saridunak be izango dira: Vila-realdik (Valentziako Erkidegoa), Kataluniatik, Burgostik, Galiziatik eta Italiatik etorriko dira beste 9 talde. Aurkeztuko diran 160 proiektuak Garapen Jasangarrirako Helburuakaz lerrokatu ditue (GJH) gazteek, esaterako, Osasuna eta ondoizatea, Produkzino eta konsumo arduratsuak, Uri eta komunidade jasangarriak, Industria, barrikuntzea eta azpiegiturea eta Klimwaren aldeko jarduerea. Erronka globalei buruz hausnartuko dabe eta euren ingurunetik urtenbideak proponiduko ditue. Ikuspegi horri esker, curriculumeko edukietan sakontzeaz gan, etorkizun bidezkoago eta jasangarriagoa eregiteko izan daitekezan zereginaz jaubetuko dira ikasleak.

Ikertzaileak be izango ditugu Arenalean gazteen proiektuak ebaluetan. Datu guztiak jasota, sari-banaketea zapatuan egingo da, maiatzaren 31n, 13:00ean. Azokan zehar saritutakoak batuko dira eta agintariak eta zenbait erakundetako ordezkariak be izango dira sariak banatzen: Bizkaiko Foru Aldundikoak, Eusko Jaurlaritzakoak, Bilboko Udalekoak eta Elhuyarrekoak. Ikasketa-bekak eta Espainiako zein nazinoarteko azoketarako bidaiak irabaziko ditue sarituek.

Aurkezle-lanetan, Joanes Echeveste Dernet aktorea eta Sara Alicante Martínez ikertzailea ibiliko dira eta azkenak zientzia-esperimentuak egingo ditu. Horrezaz gan, kolaboratzaile diran ikerketa-zentroetarako egonaldiak zozketatuko dira egunero. Elhuyar Zientzia Azokan, ikasle gazteek ezeze, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibersidadeek be parte hartzen dabe. Azpimarratzekoa da, ganera, horreek guztiek urtero erakusten daben konpromisoa: unibersidadeetako eta zentro teknologikoetako 94 ikertzaileek (horreen artean, 51 emakume) emon eben izena ikasleakaz lan egiteko eta azoka-egunetan 73 ikertzaile ibili dira (horreen artean, 45 emakume) ebaluatzaile-lanak egiten.

Erronka Garbia

Elhuyar Zientzia Azokak IHOBEren Erronka Garbia zigilua lortu dau. Metodologia horren helburua da ingurumenagaz lotuta sortzen diran inpaktu negatiboak arintzea eta ekitaldian parte hartzen dabenek horren konzientzia hartzea.

Holan, hainbat helburu finkatu ditu Elhuyarrek: berotegi-efektuko gasen emisinoak murriztea; energiaren konsumoa murriztea eta konsumidutako energia iturri berriztagarrietaitik eratorria izatea; erosketen eta alokatutako azpiegituren ingurumen-inpaktua eta hondakinen inpaktua murriztea. Horretarako, garraio  publikoaren edo energia barriztagarrien erabilerea, tokiko hornitzaileen kontratazinoa eta hondakinen gaikako batzeko prozesua sustatuko dira beste jarduera batzuen artean. Azokearen ostean, adierazleak jasoko dira eta Elhuyar Zientzia Azokearen ingurumen-inpaktua neurtuko da.

Elhuyar Zientzia Azokea urtean zehar

Elhuyar Zientzia Azokearen helburua da gazteei zientzia-bizipenak eskaintzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea, ez bakarrik Arenalean egiten dan azokan, baita urtean zehar be.

2013an lehen edizinoa egin ebenetik gaur arte, 12-18 urte bitarteko ia 4.000 gaztek aurkeztu ditue proiektuak Bilbon atontzen dan Elhuyar Zientzia Azokan. Danetara, 1.000tik gora ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko inguru aurkeztu dira. Elhuyarrek atondutako Elhuyar Zientzia Azokeak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibersidadeak eta Barrikuntza Sailaren, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntzea jasoten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu