'Welcome & Sorry', MusEkintzaren hurrengo hitzordua

Bizkaie! 2025-05-28 11:30   Kulturea

Egitasmoa bagilaren 28an amaituko da Golden Apple Quartet taldearen kontzertugaz.

'Welcome & Sorry', Ganso & Cía Konpainia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Datorren maiatzaren 31n, Muskizko Muñatones Gazteluak Ganso & Cía Konpainiaren Welcome & Sorry antzerkia hartuko dau. Izena emoteko epea daborduko edegita dago hemen.

Welcome & Sorry kaleko antzerki-ikuskizuna da, teatroaren ofizioa ikusarazoten dauena klasiko handiak eta horreen inguruko estereotipoak parodiauta. Clown formatuan antzeztutako keinu-komedia da, ikusle guztientzako. Eguerdiko 12:00etanhasiko da. Antzerkizale bik Hamlet antzeztuko dabe, fideltasun osoz. Dozena bat artista eta teknikariren lana egin behar dabe eta Shakespeareren hizkuntzan antzeztu, talentu eta trebetasun barik, baina hori ez da eragozpena izango... Edo bai? Williamek burua altzauko baleu...

Ondoren, jaialdiak beste ekitaldi bi nabarmen eskainiko ditu. Bagilaren 14an, Gernika-Lumoko Europako Herrien Parkea Zirkozaurre Konpainiaren agertoki bihurtuko da, izan be, Kobr3 zirku-ikuskizun garaikidea aurkeztuko dau. Obra barritzaile horrek kobrearen inguruan berba egiten dau; esku-jokoak, objektuen manipulazinoa, Cyr erruberea eta mobimendu geometrikoak buztartuz. Ez da beharrezkoa erreserbea egitea ikuskizunaren aurretik.

Jaialdia bagilaren 28an amaituko da, Golden Apple Quartet taldearen kontzertugaz, Santimamiñe inguruan (Kortezubi). Agur-biran, ahots-laukoteak Vamos, que nos vamos ikuskizuna eskainiko dau: umorez eta musikaz betetako ia 40 urteko bidean izandako onena jasoten dauena, a capella. Ikuskizun horretara joateko, ezinbestekoa da aldez aurretik erreserbea egitea hemen.

MusEkintzak 2024ko zemendiaren 16an ekin eutson haren programazinoari, Bilboko Arkeologia Museoan eta jentea harritzen jarraitu dau hainbat esperientzia artistikoren bidez. Aurreko ekitaldien artean, ondoko honeek dagoz: Mikel Santiagok sortutako misterio-jokoa, Urargi umeentzako obra interaktiboa, filmaketa baten birsorkuntzea A Film to Kill For taldeagaz, jantza-ikuskizuna eta work in progressa, kontzertuak eta umorezko ikuskizunak.

Jarduerak doban dira; besteak beste, antzerkia eta diziplina ugariko ikuskizunak dira, Bizkaiko kultura-espazio berezietan, esaterako Euskal Herria Museoan, El Pobal Burdinolan, La Encartada Fabrika Museoan, Arkeologia Museoan, Europako Herrien Parkean, Santimamiñen, Arrantzaleen Museoan eta Txakolinaren Museoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu