Chiharu Shiota artistearen 'My house is your house' erakusketea aurkeztu dabe
2025-05-28 08:33 KultureaAzkuna Zentroan ikusgai, irailaren 28ra arte.

Azkuna Zentroak, Bilboko Udalaren Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, Chiharu Shiota artista japoniarraren My House is your House erakusketea aurkeztu dau.
Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Chiharu Shiota artisteak eta Tereza de Arruda erakusketearen komisarioak aurkeztu dabe erakusketea, 2025eko irailaren 28ra arte edegita egongo dana.
Artistearen lehen erakusketa monografikoa da Euskadin. Artilezko hariakaz egindako instalazino monumentalakaitik da ezaguna. Haren egiturek mundu poetiko eta onirikoan sartzeko asmoz egindakoak dira. Chiharu Shiotak eguneroko bizitzako elementuetatik hasita ulertzen dau obrea, esaterako, akorduak eta topautako edo erabilten ez diran objektuak.
Tereza de Arruda artearen historialariak komisariautako erakusketan kolore gorriak eta eskala monumentalak Azkuna Zentroko Kulturen Ataria eta Erakusketa Aretoa lotzen ditue. Shiotak, etxea kontzeptua landu dau, esparrua espazio publikora edegiz, Bilboko Alondigearen arkitektureagaz alkarrizketan. Emoitzeak, site-specific bezela, bisitaria haren akorduakaz konektetan daben etxeko hainbat momentu esperimentetako konbita egiten deutso publikoari.
Shiotak azken hiru hamarkadetan ondu dituan lanen panoramikeagaz batera, haren instalazinoek hari-patroi errebesak ehundu ditue. Hasiera eta amaiera argirik bako marrazki konplejua eratzen dabe hariek, bideen, istorioen eta esperientzien sinbolo bilakatuz. Eskegitako objektuek, esaterako jantziek eta leihoek, ez dagozan presentziak irudikatzen ditue, gogora eroanez bizitearen umetasuna eta memoriaren poderea.
Erakusketea, Prototipoak Bilbao Forma Artistiko Barrien Nazinoarteko Bienalaren barruan dago, 2025eko maiatzaren 27tik 31ra Azkuna Zentroan egingo dana.
Chiharu Shiota
Chiharu Shiota (Osaka, Japonia, 1972) pinturan (Kiotoko Seika Unibersidadea, 1992-1996) eta arte bisualetan (Braunschweigeko Goi Mailako Arte Eskolea, 1997-1999 / Berlingo Arte Akademia, 1999-2003) trebatuta dago eta Berlinen bizi da.
Ondoko erakusketa honeek egin ditu: Nakanoshima Museum of Art, Osaka; Hammer Museum, Los Angeles; Queensland Art Gallery of Modern Art (QAGoMA), Brisbane; ZKM | Zentrum für Kunst und Medien, Karlsruhe; Zeelanda Berriko Te Papa Tongarewa Museoa, Wellington; Mori Arte Museoa, Tokio; Gropius Bau, Berlin; Australiako Hegoaldeko Arte Galeria; Yorkshire Sculpture Park, Erresuma Batua; Kochiko Arte Museoa; eta Osakako Arte Museo Nazinonala. 2025eko lehen hiruhilekoan, Parisko Grand Palaisen erakutsi ditu artelanak.
Nazinoarteko erakusketa askotan be parte hartu dau, esaterako Oku-Notoko Nazinoarteko Arte Jaialdian, Sydneyko Biurtekoan, Echigo-Tsumariko Arte Hirurtekoan eta Yokohamako Hirurtekoan eta São Pauloko SESC Pinheirosen. 2015ean, Shiota hautatu eben Japonia ordezkatzeko Veneziako Bienalaren 56. edizinoan.
Tereza de Arruda
Tereza de Arruda (São Paulo, Brasil, 1965) arte-historialaria eta komisarioa da. São Paulo (Brasil) eta Berlin (Alemania) artean bizi da eta komisario-lanak egin ditu Europan, Hego Amerikan, Estadu Batuetan eta Asian. Besteak beste, Ilya eta Emilia Kabakov, Chiharu Shiota, Sigmar Polke, Yang Shaobin eta Wang Chengyun artisten erakusketa monografikoetan eta nazinoarteko erakusketa kolektiboetan, testuinguru soziokultural garrantzitsuetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!