'Bisitariak alpinismoa ikusteaz gan, sentidutea, bizitea eta barrutik ulertzea nahi dogu'

Bizkaie! 2025-05-27 09:53   Kulturea

Mendietxe Museoaren bigarren fasea bultzatu dabe.

Mendietxe Museoak, euskal eta munduko alpinismoaren historiari eta ondareari eskainitako gune kulturalak, urrats barria emon dau nazinoarteko erreferentziako zentro bezela sendotzeko, bigarren fasea bultzatuz eta asmo handiko hirugarren etapa teknologikoa martxan jarriz. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren babesa dabe.

2024ko zemendian inaugurautako museoa, Azpeitiko Esclavas del Sagrado Corazón XIX. mendeko komentu zaharrean dago, Soraluce Elorza familiari esker. Irabazi asmorik bakoko alkarteak, BIOK Comunicaciónen laguntzea teknikoa dau eta Alex Txikon alpinistea da buru.

Ondokoa aitatu dau Alex Txikonek: bigarren faseagaz, bisitariak alpinismoa ikusteaz gan, sentidutea, bizitea eta barrutik ulertzea nahi dogu. Benetako espedizino-espazioak irudikatuko ditugu: iglua, ermitea, aterpea. ezagutzea sortu nahi dogu, baina baita emozinoa be.

Bigarren fasea

Museoaren bigarren pisua sartze-espazio bihurtu da eta, beraz, bisitariak mendi-munduko agertoki sinbolikoetan sartuko dira. Neurri errealeko berreraikuntzen eta nazinoarteko antikuario eta bildumazaleakaz osotzen dabizen bildumearen bidez, fase barri horrek ingurune sensoriala, pedagogikoa eta akordukoa eskainiko dau. Inbersinoak obra ugari jasoten ditu, egiturazkoak eta teknikoak (klimatizazinoa, argiztapena, arotzeria, soinua, eszenografia...)

Mendietxe Museoa babestea proiektu berezi baten alde egitea da, errotua, nazinoarteko bokazinoagaz eta hezkuntza karga sakonagaz. Funtsezko piezea da gure kultura-politikarako, hurreratasunari, parte-hartzeari eta lurraldearen aurreko lotureari jagokonez. Mendietxek memoria jagoteaz gan, sorkuntza eta alkarrizketa modu barriak sustatzen ditu, azpimarratu dau Goizane Álvarezek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria, Kirol eta Lankidetzako diputaduak.

Etapa barri horretako mugarri garrantzitsuenetako bat EMMOA – Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazinoaren eta Mendietxe Museoaren arteko lankidetzea da. Akordio horrek esan nahi dau, alokairuan (16.500 € urtean), euskal alpinismoaren historia batzen, konserbetan eta zabaltzen hamar urte baino gehiago daroen euskal mendizaleen ondarea sartuko dala Esklaben ikastetxean. EMMOAk, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetako mendi federazinoetako patroi bezela parte-hartzeaz gan, mendietako euskal munduko figura nagusien babesa be emoten dau, 2010etik jasoten dabilena. Halanda ze, EMMOAk lortu dauen errotze herrikoia, klubek eskatutako eta Euskal Herriko hainbat herritan aurkeztutako erakusketetan (adibidez, emakumeen euskal mendizaletasunaren historiari buruzko Gailurretan izan gaitun), azpimarratzekoa izanik pandemiaren urteetan Gasteizko eta Bilboko erakusleihoetan egindako erakusketen idea barritzailea.

EMMOAren lankidetzeak, ganera, museoa nazinoartera edegitea da, IMMA Mendi Museoen Nazinoarteko Aliantzearen parte dalako. Nazinoarteko erreferentzia hori indartu egiten dau Mendi Film Festival jaialdiaren patronatuan parte-hartzeak, izan be, Mendi Zinemearen aldeko Nazinoarteko Aliantzearen buru da 2018tik 2028ra arte eta hori erreferentzia absolutua da nazinoartean mendiko kulturan.

Funts dokumentalak, objektu historikoak eta ikus-entzunezko materiala gehituta, EMMOAk balio zientifikoa, sakontasun historikoa eta ondare jarraitutasuna emongo deutsee proiektuari, Mendietxe Museoaren gune neuralgiko izateko bokazinoa osotuz. Lankidetza horrek ikerketa espezializaturako sarbidea, adituen parte-hartzea eta euskal mendizaletasunak nazinoartean dauen zereginari buruzko narratiba kolektiboa sendotzea erraztuko dau.

Hirugarren fasea

Hirugarren fasean be badabiz lanean (2026-2027), museoak tresna digital aurreratuak izan daizan:

  • QR kodeak beira-arasetan eta piezetan, multimedia edukiakaz.
  • Audiogida eleanitzak eta tematikoak, ibilbide egokituakaz.
  • Irisgarritasun unibersala: audiodeskribapena, irakurketa erraza, zeinu-hizkuntzako signogidak.
  • Erabateko integrazino digitala esperientzia personalizatu eta koherente baterako.

Fasea BIOK Comunicacionek koordinauko dau, museoko bilduma osoa erispide profesional eta zientifikoekaz katalogatzeaz arduratuko dan historialari baten parte-hartzeagaz.

Ganera, Azpeitiko Udalak 20.000 euroko ekarpena baieztatu dau proiektuaren bigarren faserako, inguruko naturea eta kulturea ondareari balioa emoteko konpromisoa berretsiz. Inbersino barri horrek aukerea emongo dau espazioa egokitzeko eta herritarrei zuzendutako eduki didaktikoak egiteko. Nagore Alkorta alkateak azpimarratu dauenez, Mendietxe Museoa gure ingurune naturalaren ezagutzea eta konserbazinoa sustatzeko ekimen estrategikoa da. Mendia ez da paisajea bakarrik, gure nortasun kolektiboaren zatia baino.

Edegi ebenetik, museoak 3.000 bisitari baino gehiago izan ditu eta 14 ekitaldi atondu ditue. Urtean 8.000 bisita izatea da helburua, Azpeitiko eta Izarraitzeko ingurune naturaleko motor kultural, hezitzaile eta turistiko bezela kokatuz.

Mendietxe Museoak alpinismoaren ondarea jagon eta oinarrizko balioak be sustatzen ditu, esaterako ahalegin kolektiboa, natureagaz loturea eta belaunaldien arteko alkarrizketea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu