Autortzea egin deutse Lauaxetari

Bizkaie! 2025-05-23 13:44   Kulturea

Idazlearen jaiotzearen 120. urteurrenean.

Bizkaiko Foru Aldundiak Estepan Urkiaga Basaraz (Lauaxeta ezizenaz ezagunagoa) poetearen jaiotzearen 120. urteurrena ospatu dau gaur. Horretarako, ekitaldia egin dabe Laukizen, idazlea jaio zan etxean (gaur egun udaletxea).

Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia izan da autortzan, baita poetearen senideak eta erakundeetako ordezkariak be. Ganera, Antton Valverderen eta Eñaut Elorrietaren kontzertuak izan dira eta Lauaxetaren bertsoetan inspirautako kantuak entzun ahal izan ditue.

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Lauaxetaren figurea nabarmendu dau: bizkaitar peto-petoa, bigarren errepublikako uritar jakintsu, gizarte-eragile, bultzatzaile, belaunaldi horretako persona goren mailakoa. Sekulako eragina izan eban haren garaiko politikagintzan eta euskalgintzan, beti be, erantzukizun sakonez, konzientzia argiz eta leialtasunez jokatuz.

Bestalde, ekitaldiaren barruan, Lauaxeta, ametsen egilea erakusketa ibiltaria aurkeztu dabe. Jon Kortazar katedraduna, irakaslea eta idazlea da erakusketearen komisarioa. Lauaxetaren bizitzan oinarrizkoak izan ziran udalerrietan Laukiz, Mungia, Durango, Bilbo eta Gernika ikusi ahal izango da erakusketea urte amaierara arte.

Erakusketeak, 10 panelez osotuta, Lauaxetaren biografiaren jazoera gogoangarri nagusiak eskaintzen ditu, irudien eta testuen bidez. Panel bakotxak poetearen ames handienetako batera eroaten gaitu: bokazino eta lan poetikoa, militantzia kulturala, konpromiso politikoa, nazino-konzientzia... 1937an gerrearen tragedia heldu eta poetearen ejekuzinora pasau arte.

Ganera, erakusketan, argitaratu bako dokumentuak eta oraintsu berreskuratutako materialak egongo dira ikusgai, esaterako, Leizaola lehendakariaren lekukotzak, espetxeko sarrera-erregistroa edo euskal idazleek 1938an Bartzelonan egin eutsen autortzea.

Proiektu horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta eta haren ondare literario eta politikoaren balioa nabarmendu nahi ditu eta holan, Aldundiak memoria historikoagaz eta euskal kulturearen zabalkundeagaz dauen konpromisoa berretsi.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu