'El Tratamiento' antzezlanak edegiko dau III. Antzerki Amateurraren Jaialdia
2025-05-23 10:02 KultureaMaiatzaren 30ean hasi eta bagilaren 22an amaituko da.

Bagilean, betiko lez, Pabellón 6 Aretoak hainbat pieza amateur hartuko ditu, eskolek, antzerki amateur taldeek eta emakume-taldeek antzeztuta. Halanda ze, ikasturtean zehar prestetan ibili diran lanen emoitzak ikusteko aukerea izango da. III. edizinoa harago joan da, izan be, antzezlanez gan, parte-hartzen daben talde eta publiko orokorrari zuzendutako jarduera interesgarri batzuk be atondu dira.
Antzerki Amateurraren Jaialdia maiatzaren 30ean hasi eta bagilaren 22an amaituko da. Berton, antzerki amateurreko eskola eta konpainien 12 antzezlan ikusi ahal izango dira. Danetara, 146 antzezle (47 gizon eta 99 emakume) igoko dira Pabellón 6ko agertokira. Obren zuzendaritzeari jagokonez, sei gizonek zuzendu ditue, bost emakumeek eta bat modu kolektiboan.
Es un momentito Teatro Konpainiaren El Tratamiento obreak edegiko dau jaialdia. Ondoren, Kalamua emakume taldeak Alas de Hierro aurkeztuko dau. Bigarren asteburuan Aztiak taldearen La enferma izango da aretoan, baita Zenbatu Antzerki Taldearen eta Auzo Arimaren Abrázame eta Emakume Arima be, hurranez hurran. Jarraian, Izarte Konpainiaren La isla de la gaviotas ikusi ahal izango da. Hirugarren asteburuan, Iuris Tantum taldearen Hable con Montse, Itxartu taldearen El zoo de las plumas, Kalekaren Misántopia eta Sutondoanen Mis queridos vecinos. Jaialdia amaitzeko, hiru estreinaldi izango dira: Leonas (Juego de damas); La risa, intrucciones de uso (7Grados) eta Bilbrodway (Zart). Lan batzuk jatorrizko testuak dira eta beste batzuk ondoko lan ezagunen egokitzapenak: Moliereren El enfermo imaginario, Chejoven La isla de las gaviotas, Laurent Baffieren Toc-toc, Jean Poireten La jaula de las locas, Moliereren Misantropoa, Jean-Pierre eta Martinezen El infierno son los vecinos.
Horreezaz gan, maiatzaren 29an, eguenean, Amor a la escena. Antzerki amateurraren errealitateak eta erronkak berbaldia eskainiko dabe. Berton, antzerki amateurraren egoereaz hausnartuko da.
Eguen, bariku eta zapatuko antzezlanak 19:30ean hasiko dira eta domeketakoak 19:00retan. Ikuskizun guztietarako sarrerak hemen dagoz eskuragarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!