Sei herritako zortzi jantza taldek parte hartuko dabe, Jaizale txistulariakaz batera

Bizkaie! 2025-05-22 13:31   Kulturea

Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna Mallabian egingo da maiatzaren 31n.

Mallabiko ezpatadantzari taldea (igazko Ezpatadantzari Egunean ataratakoa). | Ikusi handiago | Argazki originala

Urte batzuetako etenaldiaren ostean, 2023. urtean Abadiñon ekin eutsen bideari eskualdeko ezpatajantzariek. Igaz Zaldibarren izan zan hitzordua eta 2025ean, Mallabian izango dira.

Durangaldeko jantza taldeak eta txistulariak batuko dira, herriaren ondareari jagokonez sekulako indarra dabelako eta Gerediaga Alkarteak kudeaketan laguntzea eskaini deutse beste behin eta Mallabiko Udalak ekitaldia egiteko dirulaguntzea emon dau.

Maiatzaren 31ko arratsaldean hasiko dira ekitaldiak. Parkea plazan izango da jantza erakustaldia arratsaldeko 18:00etan, baina orduerdi arinago herriko frontoiaren aurrean hasi eta kalejiran herrigunea zeharkatuko dabe. Saioa amaitutakoan, 20:00ak aldera, herriko tabernetatik trikipoteoa izango da.

6 herri, 8 jantza talde eta Durangaldeko txistulariak

Parte hartuko daben taldeak:

  • Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo.
  • Durangoko Kriskitin eta Txoritxu Alai.
  • Iurretako Dantzariak.
  • Mallabiko Gazte Alai.
  • Otxandio Urduri.
  • Zornotzako Udabarri.

Jantzariek Durangaldeko Jaizale txistularien taldeak jotako doinuakak egingo dabe jantzan. Dantzari-Dantzako 9 piezak oinarri hartuta egingo dabe jantzan: Agintariena, Zortzinangoa, Ezpata joko txikia, Banangoa, Binangoa, Ezpata joko nagusia, Launangoa, Makil-dantza eta Txotxongiloa. Amaieran, soka-dantza edo erregelak egingo dira.

Mallabiko Dantza Taldea

Mallabiko ezpatadantzari taldea agertzen dan lehenengo argazkia 1934koa da. Mallabiko bandera eta guzti zortzi lagunez osotutako taldea ikusten da irudian. Aurrerago, 1969. urtean Justo Azagirre buru zala, Mallabian kultur mobimentu indartsua jaio zan eta besteak beste, Santa Agenda bezperan eskean joateko ohitureari ekin eutsen, herriko ermitetan jaiak berreskuratu eta jantza taldea be sasoi horretan berpiztu eben. Ermuko Joseba Idigoras ibili zan jantza-maisu eta Emilio Txurruka zein Eloi Zelaieta txistulari. 1995. urtera arte martxan izan zan taldea. Baina etenaldia etorri zan gero.

2011. urtean, barriz, bandera zaharra galdu eta erreplika bat egiteko atxakiaren haritik Gazte Alai taldea barriro hasi zan beharrean. 50 ume ingurugaz jantza eskolea be sortu eben. Ume eta gaztetxu horreek, auzoetako jaietan parte hartzen eben. Nagusien jantza talde batek Dantzari-Dantza Andra Mari egunean plazan jantzan egiteko ohitura hartu eban. Tartean, Jesus Mari Uribelarreak erakutsitako erregelak be egiten zituen.

Gaur egun, gazte-nagusien taldera 10 neska-mutil batu dira Mallabiko Gazte Alai jantza taldera. Eta umeen taldea be badago, 30-40 ume dabiz eskualdeko jantzak ikasten.

Mallabian, behin baino ez da egin Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna, 1982. urtean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu