Euskal Herria Museoko 'Gamazada. Gure poltsikoaren jabe' erakusketea, zabalik
2025-05-22 11:01 KultureaXabier Irujok atondutako erakusketeak Gamazadaren historiara hurreratuko gaitu.

Euskal Herria Museoak ateak zabalduko ditu Xabier Irujo Ametzaga historialariak atondutako aldi baterako erakusketa baterako, Gamazada. Gure poltsikoaren jabe izenburuko horretarako. Erakusketea 2025eko maiatzaren 21etik irailaren 21era bisitau daiteke eta Nafarroako foruak eta autogobernua defendiduteko jazoera historiko garrantzitsu horren gaineko ikuspegi sakona topau leike bisitariak.
Euskera, Kultura eta Kiroleko foru-diputadu Leixuri Arrizabalagak ondokoa nabarmendu dau: erakusketara balio handiko materiala batu dabe, XIX. mendearen amaierea markau eben historia eta gizarte-gatazkak ulertzeko. Arrizabalagaren arabera, erakusketeak aukera parebakoa eskaintzen dau gutako bakotxa gure historiaren zati batera hurreratzeko, nahiz eta denporan urrun egon, gaurko eztabaidan garrantzitsua eta ederra izaten jarraitzen baitau. Gogoratzeko aukera bat da, ikasteko aukera bat, baina, batez be, gure memoria kolektiboari eusteko garrantzian pentsetako aukera bat.
Erakusketearen ibilbidea hiru gai-multzotan banatuta dago: Sustraiak, 1893-1894ko gatazkea, eta ondorioak. Horreen bidez, bisitariek ikusi ahal izango dabe zer aurrekari historikok eragin eben Gamazadea, zelakoa izan zan gatazkea, eta zer ondorio ekarri zituan, eta ikuspegi irisgarri eta aberasgarria emongo jake.
Gamazada. Gure poltsikoaren jabe erakusketeak argi aurkezten ditu Gamazada izenaz ezaguna dan gizarte-matxinadako jazoerak eta joandako denporetarako leiho bat eskaintzen deusku Ekonomia Itunaren egungo egoerea hobeto ulertu daigun. Erakusketearen ondo jagondko diseinuari eta baliabideei esker, bisitariek erraz ulertuko ditue jazoerak eta testuinguru historikoa. Erakusketan, kontakizuna aberasten daben balio historiko handiko zenbait objektu nabarmentzen dira, besteak beste, Daniel Irujoren jantzia, familiak lagatakoa; Estanislao Aranzadiren abokatu-togea, hori be familiak lagata; eta Nafarroako txanponen bilduma bat, Xabier Irujorena. Gainera, ikusgai dagoz Bizkaiko Foru Liburutegiko Nafarroako Forua eta Nafarren Ohorezko Liburua faksimilak, eta Euskal Herria Museoko bildumako parte dan Foruen Monumentuaren maketea. Objektu horreek euskal historiaren oinarrizko momentu batzuen isla dira. Esate baterako, Daniel Irujoren jantzia (1864-1911): Daniel Irujo abokatu abertzalea eta Gamazadaren atontzailea izan zan, politikari jeltzale ospetsuen aita. Bestetik, Estanislao Aranzadiren abokatu-togea (1841-1918): Estanislao Aranzadi euskal foru eta tradizinoen aldeko politikaria izan zan eta oinarrizko eginkizuna bete eban Gamazadea atontzen eta Castejonera eroan eben banderearen diseinuan, izan be, haren emazte eta Danielen arrebea Juana Irujok egin eban banderea.
Nafarroako txanponen bildumea dala eta, Iruñetik hur landutako txanponak dira, eta Xabier Irujorenak dira. Eta Nafarroako Forua eta Nafarren Ohorezko Liburua faksimilak be oinarrizkoak dira ulertzeko zenbateko garrantzia izan eban foru-sistemeak euskal nortasunean. Horrezaz gan, Foruen Monumentuaren maketak eta Nicolas de Larmenssinek Louis XIII.ari egindako grabatuak osotzen dabe Nafarroako eta Euskal Herriko eskubide historikoen eta nortasunaren aldeko burrukearen bisualizazinoa.
Horrezaz gan, ukipen-pantailen bidez, garai haretako prentsak gamazadeari buruz argitaratutako artikuluak konsultau daitekez.
Datozen hilebeteetan, Euskal Herria Museoak erakusketa horren inguruko zenbait jarduera atonduo ditu:
- Maiatzaren 31n, 18:00etan: bisita gidatua.
- Bagilaren 3an, 18:00etan: Xabier Irujoren Gamazada hitzaldi-errezitala eta Josu Okiñenaren (pianoa) eta Garikoitz Mendizabalen (txistua) kontzertua.
- Bagilaren 12an, 18:00etan: SanRokada hitzaldia, Gernikazarra historia-taldearen eskutik.
Jardueretan parte hartzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena emotea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!