Pedro Berrugueteren 'Deikundea' aurkeztu dabe
2025-05-20 13:40 KultureaBilboko Arte Ederren Museoan.

Iberdrola-Museoa Konserbazino eta Zaharbarritze Programearen 2024ko kanpainako jarduera nagusietako bat Espainiako Errenazimentuko maisulan baten tratamendua izan da: Pedro Berrugueteren Deikundea (c. 1485-1490) hain zuzen be. Garai horretako margolari garrantzitsuenetako bat da, jatorriz Enkarterrietako kapare-familia batekoa.
Programeak urteko jarduera-plan baten garapena sustatzen dau. Horren helburu nagusia artelanen osotasun materiala bermatzea da, artelan horreek behar bezela konserbau eta erakusteko. Horrezaz gan, museoaren funtsezko lan horren emoitzak jentaurrean zabaltzen saiatzen da.
Berrugueteren Deikundea kasik erakutsi barik egon da eta orain Bilboko Arte Ederren Museoan dago ikusgai, zaharbarrituta, hobeto ezagutu eta aztertzeko. Helburu horregaz, ondarea berreskuratzeko operazino konplejua jarri dau martxan programeak; halanda ze, Iberdrola España Fundazinoaren laguntzeari esker, aditu taldea batu dau.
Pilar Silva Maroto historialariak, pintura hispaniar-flandestarrean eta lehen Errenazimenduko pinturan adituak (Prado Museo Nazinonaleko konserbazino-buru izandakoa 2017ra arte), ikuspuntu historikoa eta estilistikoa gogoan hartuta aztertu dau artelana, ikonografia bera lantzen daben egilearen beste pintura batzuen testuinguruan. Azterketa interesgarri horren emoitzea Museoko 5. Koadernoan argitaratu da.
Zaharbarritu aurretik / Zahabarritu ondoren.
Bestalde, pinturearen alderdi materialak Elisa Mora Sánchez Prado Museoko zaharbarritzailearen esku egon dira 2021era arte, obrako elementu piktorikoen tratamendua egin dau-eta; eta Mayte Camino Martín (Pradoko markoen zaharbarritzailea) arduratu da tratamenduaz.
Jose Luis Merino Gorospe Arte Ederren Bilboko Museoko Antxinako Arteko konserbatzaileak koordinatu dau proiektua.
Hitzaldi-zikloa
Iberdrola-Museo 2024 Programeari esker berreskuratutako obrearen aurkezpenagaz batera, hitzaldi-zikloa atondu da Konserbazino eta Zaharbarritze Sailaren eskutik. Hirurak doban izango dira.
- Bagilak 3, 12:00etan eta 18:00etan: Laura Casaus. Obra grafikoa gaineko konserbazino eta zaharbarritze tratamenduak.
- Bagilak 10, 12:00etan (euskeraz) eta 18:00etan: Ainhoa Otaño. Pintura eta eskultura konserbazino eta zaharbarritze tratamenduak.
- Bagilak 17, 12:00etan eta 18:00etan: Jon Apodaca. Agustin Ibarrolaren Mural artikulatua lana konserbazino eta zaharbarritze tratamenduak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!