Legezko mugarik ete dago prezioen igoerearen aurrean?
2025-05-20 10:41 Pil-pileanPrezioa aldatu daiteke, baina iruzurra ez da inoiz aukera bat.

Manchester United eta Tottenham Hotspur taldeen arteko UEFA Europa Leagueko finalak, maiatzaren 21an Bilbon egingo danak, prezioen igoera nabarmena eragin dau ostatu turistikoetan, ostalaritzako menuetan eta beste zerbitzu batzuetan. EKA/ACUVek gogorarazo dauenez, prezioak eskaerearen arabera egokitzea legezkoa da, baina oso muga argiak ditu: gardentasuna, aurretiazko informazinoa eta abusuak baztertzea.
Prezioa aldatu daiteke, baina iruzurra ez da inoiz aukera bat. Establezimenduek bere prezioen barri argi zehaztu behar dau edozein eragiketa egin aurretik, ohartarazo dabe EKA/ACUV erakundekoek.
Azken egunetan, ohiko prezioak bikoizten dituen tarifak antzemon dira: 1.000€ baino gehiagoko logelak, errekarguagaz itxitako menuak eta ezusteko gehigarriak alokatzeko plataformetan. Alkarteak azpimarratu dau holako jardunbideek, behar bezela informauta ez badagoz, konsumitzaileen eskubideak urratu leikiez.
Zer dino araudiak?
EKA/ACUVek argitu dau ez dagoela egun berezietan prezioak igotea eragozten dauen legezko muga zehatzik, Europako beste uri batzuetan jazoten dan bezela. Halan da be, prezioak oinarrizko hiru baldintza bete behar ditu:
● Kontratua egin aurretik ikusgai eta argi egotea.
● Onartu ondoren, ez aldatu.
● Ez ezarri ezkutuko kargurik edo iragarri bako gehigarririk.
Horrezaz gan, araututako zerbitzuen kasuan, garraio publikoa, taxiak edo tarifa estandarizatuak dituen plataformak, tarifek prezio ofizialak edo aldez aurretik iragarritakoak errespetau behar ditue. Informau bako edozein aldaketa edo errekargu legez kanpokotzat jo daitekez.
Zer egin daiteke engainatua sentiduten banaz?
Konsumitzaile batek iragarritakoa baino gehiago kobretan deutsela antzemoten badau edo engainau dabela uste badau, erreklamazino-orria eskatu leike. EKA/ACUVek gomendatzen dau tiket eta ordainagiri guztiak gordetea, oinarrizkoak baitira erreklamazinoa egin ahal izateko.
Ondo frogatutako erreklamazino batek abusu bati bueltea emon leikio. EKA/ACUVen zure kasua baloretan lagundu eta, erreklamau ezkero, prozesu osoan zehar lagunduko deutsugu, gogorarazo dabe.
Zein uri-eredu gura dogu?
Legearen gaia gorabeher, EKA/ACUVek eregi nahi dogun gizarte-ereduari buruzko hausnarketa kolektiboa be egin du: uri bat ez da bere barruan hartzen dituan ekitaldien arabera neurtzen, bertan bizi diranak eta bisitetan dabenak tratetako moduaren arabera baino. Europa League jaia izan behar da, ez prezioak puztuteko atxakia, nabarmendu dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!