Barikua sendotzen, gastronomia hazten eta parte-hartzea handitzen
2025-05-20 07:56 KultureaXXXI. Arrain Azokearen balorazinoa oso ona izan da atontzaileen eretxiz.

Azokan hasierako eguna, barikua, gero eta indartsuago dabil. Gero eta jente gehiago batzen da egun horretan eta salmenta gehienak be barikuan bertan egin ziran. Enpresa erakusleek eta parte- hartzaileek azpimarratu dabe oso pozik dagozala astegoienak emondakoagaz. Halan da be, balorazino sakonagoa egiteko batuko dira datozen egunetan.
Azken urteotan, Arrain Azokeak bere izaerea zabaltzen eta aberasten jakin dau. Gaur egun, azoka bat baino askoz gehiago dala nabarmendu dabe atontzaileek: gastronomia gero eta protagonismo handiagoa hartzen dago eta horrek Bermeoko nortasuna, kulturea eta bizimodua erakusteko leiho bihurtu dau azokea. Arrain Azokeak esperientzia kolektibo eta kultural bihurtzeko bidean aurrera pausu sendoak emon ditu. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkate eta Arrain Azoka Alkarteko presidentearentzat momentu hunkigarrienetako bat izan da barikuan azokako inaugurazino ekitaldiaren barrun banatutako Hegaluze Saria. Aurten, itsas sektoreko emakumeei egin jake atortzea eta agertokiaren gainean batu ziran sektore ezbardinetako hainbat belaunalditako emakumeak: oso hunkigarria izan zan, ohorea eurekaz danakaz oholtza gainean egon ahal izatea. Oso harro gagoz, uste dogulako Bermeok zor hori ebala itsas sektoreko emakumeakaz. Ikusgarria izan zan ekitaldira bertaratutako agintari eta herritar guztiak zutunik txaloka ikustea eta ekitaldia benetan ederra izan zan. Azokarako atondutako ekitaldi guztiek harrera oso ona izan dabela nabarmendu dau: jendetsuak izan dira: parte- hartzea handia izan da, eta oro har, giro ezin hobea egon da egun guztietan. Udalerria jentez beteta egon da barikutik domekara, giro osasuntsuan.
Arrain Azokan parte hartzen daben persona, talde, enpresa, langile eta boluntario guztiei eta euren ekarpenak isilean egiten dituen enpresa eta banakoei eskerrak emon deutsee: Arrain Azoka arrakastatsua bada, euren laguntzeari esker da. Horrezaz gan, herria babesteko lanetan ibilitako horreen guztien lana be eskertu dau.
Arrain Azoka alkarteko kideak datozen egunetan batuko dira balorazino sakonago bat egiteko eta datorren urteko edizinoa hobetzeko lanean hasteko. Helburua da azokearen kalidadea hobetzen jarraitzea eta esperientzia gero eta aberatsagoa eskaintzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!