2025eko La Encartada Modak irudi barria dakar

Bizkaie! 2025-05-19 13:53   Kulturea

Bagilaren 14an, Balmasedako La Encartada Fabrika - Museoan egingo da.



La Encartada Modaren hamaikagarren edizinoan, beste irudi eta programazino bat eskainiko deuskue, modako ekitaldi horretan diseinua, barrikuntzea, tradizinoa eta jasangarritasuna izango baitira ardatz. Balmasedako La Encartada Fabrika - Museoak eskaintzen deuskun leku parebakoan, bagilaren 14an, modea eta industria-ondarea butartuko dira.

Gaur goizean, Euskera, Kultura eta Kiroleko foru-diputadu Leixuri Arrizabalagak, ekitaldiaren zuzendari Alberto Sinpatronek eta Basque BioDesign Centerreko ordezkari María Pastor Corralesek aurkeztu dabe urteko moda-ekitaldia, Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta eta Alberto Sinpatronen zuzendaritzapean eta Basque Biodesign Centeren laguntzeagaz.

Leixuri Arrizabalagak azaldu dauenez, La Encartada Moda espazio parebakoa da diseinuko profesionalek, bertakoek zein nazinoartekoek, euren talentua erakutsi, idea barriak aztertu eta modearen sektorean bidea egiteko. Aurten estreinauko dan ekitaldiaren irudi barria aurkeztu dau diputaduak, modea, artea, barrikuntzea eta jasangarritasuna buztartzen dituan programa anitza hartuko dauena.

Oraingo honetan, La Encartada Modan, hemengo eta nazinoarteko 25 diseinu-firma eta -profesionalen lanak erakutsiko ditue. Desfileak, erakusketak, tailerrak, eskola magistralak, mahai-inguruak, berbaldiak eta instalazino artistikoak eta bestelakoak, askotariko programazino baten ardatz, eta horreek guztiorreek bihurtzen dabee topagune La Encartada Moda, hau da, diziplinen, belaunaldien eta modearen etorkizuneko ikuspegien topagune.

Goizeko 10:00etatik 22:30era, bertaratuek La Encartada Fabrika - Museoaren inguruneaz gozau ahal izango dabe, egun osoan zeharreko musikaldietan, foof truck eta modeagaz lotutako jardueretan.

La Encartada Moda talentuaren bila dago, izan be, modearen arloan sortzen dan talentua suspertzen ahalegintzen da. Encartada Fabrika - Museoa leku berezia da; ehun-fabrika zahar horrek ia osorik konserbetan ditu jatorrizko makinak eta hornidura mekaniko guztia; hori dala eta, Europa osoko eta, seguruenik, mundu osoko industria-ondareko elementurik berezienetako bat da. Museora joatea XIX. mendeko fabrika zahar batean sartzea da.

Aurten, izen handiko diseinatzaileak dagoz, besteak beste, Maison Mesa, JNORIG, Jaione Anzola, H05, Andoni Beitia, Mistress, Desbocado Studio eta Who's Nia Studio. Egunean zehar, zenbait desfile egingo ditue euren diseinuak erakusteko. Horrezaz gan, Jeremy Sebaounek eta Elie Saadak -Rick Owensegaz lankidetzan ibilteagaitik nazinoartean ospetsua dan Frantziako Paradoxe Paris enpresa ezagunaren sortzaileek denim artistikoan espezializautako tailer bat eskainiko dabe, bai eta euren ibilbide eta ikuspegi sortzaileari buruzko berbaldi bat be. Euskal diseinatzaile ezagun María Clé Lealek be parte hartuko dau, Mercedes Benz Fashion Talent Award eta By Ecoembes Laborategiaren errekonozimendua lako sarien irabazlea da bera eta moda zirkularraren esperientzia konpartiduko dau eskola magistral batean.

Beste alde batetik, jasangarritasuna eta esperimentazino artistikoa dagoz aurreikusita, suprabirzikletea, generorik bako diseinua, material bioteknologikoak eta artisautza-prozesuak aztertzen dituen proiektuak, hain zuzen be.

Valeria Irisarri, Pink Parma, Abaunza & Co Serigrafia, Ane Takitto, Hostoa Aritz Gainean, H05, Voltaire Lab, Ganboa edo The Goood People marken emoitzak ikusiko ditugu eta, instalazino artistikoek, barriz, fabrika zaharra ehun-galeria bizidun bihurtuko dabe, Asier Quintanaren, Curious Orangeren eta Paradoxe Paris beraren obrei esker.

Mahai-ingurua be iragarri dabe: Modearen inpaktua murrizteko prozesuak. Moda teknologikoaren etorkizuna; parte-hartzaileak: Begoña García (Jeanologia) injinerua da, ehun-jasangarritasunean aditua eta produkzinoaren ingurumen-inpaktua neurtzeko EIM estandarraren sortzailea; Francisco Kuhar (Innomy): mikelioan espezializautako ikertzailea da Cordobako Unibersidade Nazionalean (Argentina) eta BIC Bizkaian mikelio bidezko materialak lantzeko egiten dan proiektuetako bat zuzentzen dau. GAIKER euskal zentro teknologikoan ikertzen dabe zelan erabili polimeroak biooinarritutako ehunetan eta urtenbide barritzaileak zabaltzen ditue material aurreratuetan eta ekonomia zirkularrean.

Ekitaldia amaitzeko, Curious Orangeren Angeli Perduti performancea izango da: modea, musikea eta mobimentuan dagoan gorputza buztartuko dira eta burura ekarriko deuske jazteko eta existiduteko modu barriak eskatzen dituan aro bateko azken jantza poetikoa.

Desfileetara, tailerrera, eskola magistralera, hitzaldira eta mahai-ingurura joateko, ezinbestekoa da aldez aurretik izena emotea, www.laencartadamoda.eus webgunean. Jarduerak doban dira, ondokoak izan ezik: Paradoxe Parisek emondako tailerra (20 €) eta María Cléren eskola magistrala (10 €).

2025eko La Encartada Modaren programazinoa

10:00 a 22:30 Instalzino artistikoak eta dj saioa.

10:00-13: 00 Paradoxe Paris tailerra.

12:00-22:00 Showroom.

12:00 -13:00 María Cle masterclassa.

13:00-14: 00 Desfileak (Desbocado Studio, Who 's Nia Studio, Mistress, HO5).

14:00-14:30 Performance Tripak.

16:30-17:30 Paradoxe Paris hitzaldia.

17:30-18:30 Mahai-ingurua (Modan eragina murrizteko prozesuak. Jeanologia Begoña Garcia, Gaiker barrikuntzearen euskal sarea, Francisco Kuhar Inmomykoa).

19:00-21:00 Desfileak (Jnorig, Andoni Beitia, Jaione Anzola, Maison Mesa).

21:00-21:30 Performance Curious Orange.

21:30-22:30 Cintia Lund abeslari eta konpositorearen eta bere dj setaren emonaldia.

Izena aldez aurretik emon behar da ekitaldiko jardueretara joateko webgunearen bitartez. Aurten be bertaratzen diranentzako autobus-zerbitzua egongo da Balmasedara joateko eta handik Bilbora etorteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu