Badator I. Txin Txin Fest
2025-05-16 08:21 KultureaUzta barriko Mezulari Zea Mays taldea izango da.

Bizkaiko Txakolina Jatorri deitureak, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Laboral Kutxaren laguntzeagaz, maiatzaren 24an eta 25ean Bilboko Arenalean egingo dan Txin Txin Fest ekitaldi enogastronomiko edegia atondu dau lehen aldiz. Hitzordua, Bizkaiko Txakolina Jatorri Deitureak eskaintzen dauen ardaoa jai giroan ezagutu eta disfrutetako aukera bikaina da. Bizkaiko ardaogintza sektorearen dinamismoa eta kalidadea erakusteko gunea.
Egun bietan, Txin Txin Festek txakolina, gastronomia, kulturea eta musikea buztartuko dituan aire zabaleko upategi handi bihurtuko dau Bilbo. Bertoratzen diranek 60 txakolin erreferentzia baino gehiagoren artean aukeratu ahal izango dabe, sozializetako eta ardao barriak ezagutzeko aukera bikaina. Eskaintza gastronomikoa Bilboko ikur izan diran Txakolinen plater tradizionaletan oinarrituko da eta hainbat proposamen izango ditu, esaterako porrusaldea, babak, makailaoa, sukalkia eta Idiazabal Gaztaia.
Probaketa tematikoak, musikea eta Mezulariak
Jaialdiak Bizkaiko sommelier ugarik zuzendutako probaketa tematikoak be eskainiko ditu, bertaratutakoak estilo bakotxaren nortasuna ezagutzeko eta gaur egun Bizkaiko Txakolinaren upategien dinamismoa irudikatzen daben ardaoen aniztasuna ezagutzeko diseinautako hainbat txakolin mueta probetako.
Zuzeneko musikeak, kultur erakustaldiek eta Mezulariei Jatorrizko Izendapenaren balioak sinbolizetan dituen enbajadoreei, egingo jaken autorpenak osotuko dabe egitaraua. Ganera, umeentzako programazino berezia egongo da, 4 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutako tailerrakaz.
Mezulariak txakolinaren arimea irudikatzeko sortu ziran. Urtero, Bizkaiko Txakolina Jatorri deitureak autorpen hori emoten deutse Bizkaiagaz lotuta gure kulturea, hizkuntzea, nortasuna eta gastronomia sustatzen daben personei edo erakundeei. Kontseju Arautzaileak Zea Mays taldea (Asier Basabe, Ruben Gonzalez, Iñaki Imaz eta Aiora Renteria) 2024ko uzta barriko Mezulari izentauko dau, euskal kultureagaz dauen konpromisoa autortzeko. Aiora Renteria taldeko abeslariak jasoko dau saria danen izenean maiatzaren 24an. Manu Calera eta Kepa Larrabeiti Ohorezko Mezulariei be hil osteko autortzea egingo jake, Bizkaiko txakolinaren historian egindako lanarengaitik. Horreen familiek jasoko ditue sariak. Uzta barriaren aurkezpen sinbolikoa Baste anaiek egingo dabe: Álvaro, Adrián eta Raúl Cardosok. Erromoko Baste tabernako buru.
Jasangarritasuna eta nortasun propioa
Jasangarritasuna izango da Txin Txin Fest ekimenaren zutabeetako bat, ekitaldiaren arlo guztietan ingurumena errespetetan daben materialak erabiliz. Horrek indartu egiten dau Bizkaiko Txakolinak ingurumea babesteko eta jardunbide arduratsuak bultzatzeko dauen konpromisoa.
Garikoitz Rios, Jatorri deiturearen presidenteak, ondokoa nabarmendu dau: Txin Txin Fest jaialdia baino askoz gehiago da; produktua, lurraldea eta hori posible egiten daben personak ulertzeko modu baten adierazpena hain zuzen be. Txakolinaren arimea eta nortasuna mundu guztiak deskubridutea nahi dogu, edaten, sentiduten, partekatzen eta herri oso baten nortasunaren parte be da.
Bizkaiko Txakolina
Bizkaiko Txakolina Jatorri deitureak 35 upategi eta 172 mahastizain batzen ditu. 445 hektarea hartzen dituen mahasti txikiak ditu, haranen eta mendialdeen artean banatuta, eragin atlantiko argiak eta aniztasun geologiko interesgarriak txakolinei ezaugarri bereziak emoten deutse. Mendiek itsasoagaz bat egiten daben lurralde parebakoa da Bizkaia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!