Eskultura klasikoak eta literatura islamiarrak buztartuko ditue

Bizkaie! 2025-05-15 13:12   Kulturea

Şuwar al-Rũm. Islam. Eskultura Klasikoa erakusketea, irailaren 15era arte egongo da ikusgai.

Bilboko Berreginen Museoak erakusketea inaugurau dau, tradizino artistiko bi (eskultura klasiko greko-erromatarra eta literatura islamiarra) buztartuz. Erakusketeak Şuwar al-Rũm. Islam. Eskultura Klasikoa dau izena.

Erakusketak lankidetzea dau oinarri eta Jorge Elices Ikerketa Zientifikoen Goi Kontsejuko (CSIC) ikertzaileak eskultura klasikoak literatura islamiarrean izandako harrereari buruz egindako azterlana dau abiapuntu. Itziar Martija Bizkaiko erakundeko teknikariak lagundu deutso Elicesi erakusketa-proiektuan. Euskal Herriko Unibersidadeko Letren Fakultateko Jonatan Pérez Mostazok eta CSICeko kide eta arabierako itzulpenen arduradun Patricia Carina Sánchezek osotu dabe talde sortzailea.

Erakusketak, ekialdearen eta mendebaldearen arteko kultur trukeak kontakizun bategaz deskubriduteko ibilbidea egiten dau, espresino bi erabiliz: eskulturea eta literaturea. Hiru hizkuntzatan: euskeraz, gaztelaniaz eta arabieraz.

Şuwar al-Rũm. Islam. Eskultura Klasikoa lau sekzino tematikotan atonduta dago, arte klasikoan giza gorputzak izandako harrerea esploretako, beti be, testuinguru islamikoaren barruan:

  • Ondare partekatua – Ondare lehiatua.
  • Gizon jakintsu eta ahaltsuak.
  • Emakume sensualak.
  • Kontuz! Estaduek bizia hartzen dabe.

Erakusketak jorratzen dituan ideatako bat ondokoa da: garai kolonialeko ondare eta kultura-mobimenduak eragiten dauen konplejutasun emozional eta afektiboa. Alain Schnapp arkeologo eta historialari bikainak askotan sortu dauen Historia universal de las ruinas lanean adierazo moduan, antxinaroko hondarrek erantzunak emoten ditue. Holan, arte klasikoak Mendebaldean nahiz mundu islamikoan mendez mende eregindako emozino eta erantzunetan sakontzen dau erakusketeak, baita mundu islamikoak Grezia eta Erromako ondareagaz be.

Talde batzuek ikuspegi suntsitzailez begirau izan deutse ondare klasikoari; erakusketa horrek, barriz, gizarte islamikoek eskultura klasikoa miresten eta interpretatzen ditu. Kultura islamikoek, ondare klasikoa baztertu beharrean, alkarrizketa etenbakoa sortu dabe giza gorputzearen antxinako irudikapenagaz, zentzu berria emonez, beti be, euren balio estetiko eta espiritualen testuinguruan.

Şuwar al-Rũm. Islam. Eskultura Klasikoa gaurtik, maiatzak 15, irailaren 14ra bitartean egongo da ikusgai Berreginen Museoan.

Museoen Nazinoarteko Eguna

Maiatzaren 18an, Museoen Nazinoarteko Eguna ospatuko da, museoen etorkizuna etengabe aldatzen ari diren komunitateetan izenpean. Berreginen Museoak erabagi dauenez, Ṣuwar al-Rūm. Islam. Eskultura Klasikoa erakusketea ezin hobea da museoen komunidaderako hain garrantzitsua dan eguna egiteko.

Bestetik, maiatzeko Artelana bere testuinguruan ekimena be Museoen Nazinoarteko Egunari eskainiko jako. CSICeko Historia Institutuko ikertzaile Jorge Elices Oconek hitzaldia emongo du maiatzaren 15ean, eguena, 18:00etan, Berreginen Museoan. Escultura antigua e islam: miradas y experiencias izenburupean. Doban izan arren, izena emon behar da hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu