Gaizka Sarasola Iartzabalek irabazi dau 2025eko (H)ilbeltza bekea
2025-05-15 09:38 KultureaMug(h)erri eleberri proiektua izan da saritua.
Baztan eta euskal nobela baltzagaren arteko loturea antigoalekoa da, izan be, Jose Antoni Loidiren Hamabost egun Urgainen eta Mariano Izetaren Dirua galgarri izan ziran lehenengo euskal nobela baltzak. Euskal Nobela Baltzaren astearen harian sortu zan bekea. Beraz, esan daiteke Baztan euskerazko nobela baltzaren erreferentziazko eskualdea dala.
Lehenengo edizinoa sormen bekea izan zan: Miel A. Elustondok irabazi eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu eban 2019ko hasieran. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu jakon eta Patricia Highsmith estadubatuarraren Lardaska nobelea euskaratu eta aurkeztu eban Josu Barambonesek. Hirugarrenik, Miren Gorrotxategik irabazi eban sormen bekea eta Sotoan gordeak izan zan emoitzea. Laugarren bekea Koldo Bigurik jaso eban Massimo Carlottoren eleberri bat italieratik itzultzeko eta Agur maitea, ikusi arte izena jaso eban. Bosgarren bekea Eneko Barberenak jaso eban eta 2023ko ilbeltzean izan eben berbagai Suak erreko ez balu. Seigarrenean, Beñat Irastorzaren lagina saritu eta Fred Vargasen Altxa, hildakoak argitaratu. 2025eko ilbeltzean aurkeztu eben Joxan Oizen Amazurtza eleberria eta, ezustekorik ezean, urtea amaitu aurretik argitaratzea da asmo Amaia Apalauzak euskeratutako Guillem, Núria Cadenasen eleberria.
Kontuak kontu, bekearen helburua da euskerazko nobela baltza sustatzea eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten, IX. edizinoan, narratibea idazteko bekea egokitu da.
Aurten, IX. (H)ilbeltza bekara 7 lagin aurkeztu dira. Lan irabazlea Gaizka Sarasola Iartzabalen Mug(H)erri izan da
Epaimahaia: Fernando Anbustegi, Baztango alkatea; Joxan Oiz, (H)ilbeltza alkarteko ordezkaria; eta Garazi Arrula Ruiz, Txalaparta argitaletxeko ordezkaria.
Bekearen antolatzaileak: Baztango Udala; (H)ilbeltza alkartea; eta Txalaparta argitaletxea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!