'80 urte, 80 akuarela: argi eta ur bidaia', Bilbon abuztuaren 20era arte
2025-05-14 11:06 KultureaOndare Aretoak Akuarelearen Nazinoarteko Erakusketa eskainiko dau.

Gloria Cortina.
Justo San Felices.
Euskal Akuarelarien Alkartearen 80. urteurreneko nazinoarteko erakusketan, euskal artisten eta nazinoarteko erreferenteen 80 akuarela batu dira.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan, abuztuaren 30era bitartean, Euskal Akuarelarien Alkartearen 80. urteurreneko erakusketea egingo da. Asmoa da omenaldia egitea urmargoen tradizinoari eta, aldi berean, ikuspegi globaleko etorkizuna proiektau.
Erakusketarako, akuarelen arte-eremuan izandako bilakaerea eta indarraldia islatzen dituen 80 artelan hautatu dira: 22 akuarela, akuarelearen eremuan mundu mailako ospea daben nazinoarteko artistenak; 19 akuarela, Espainiako akuarelearen aberasgarri diran artistenak; eta 39 akuarela, Euskal Akuarelarien Alkarteko euskal artistenak. Euskal artelanen artean, badira zuzenean konbidautako artista ospetsuen 7 artelan eta lehiaketa bidez hautatutako beste 32 artelan.
80 akuarelak gogoan, erakusketea aukera ona da akuarelearen artea adierazpide gorenean esploretako. Aurkeztutako artelanek, teknikea ez eze, egile bakotxaren emozinoak, paisajeak eta ikuspegi personalak be jarten ditue agirian. Autore horreek ura eta pigmentuak momentu galkor eta argitsu bilakatu ditue.
80 urte, 80 akuarela: argi eta ur bidaia ospakizuna baino askoz gehiago da: konbidapen argia da koloreetan eta gardenetan bidaiatu daigun; gune bat, tradizinoak eta barrikuntzeak bat egin deien eta akuarelearen ederrak bizirik eta indarrez iraun daian, orain zortzi hamarkadako intensidade bereko oihartzunagaz.
Euskal Akuarelarien Alkartea 1945ean sortu zan eta oinarrizko erreferente izaten jarraitzen dau, akuarelea Euskadin eta hortik harago sustatu eta zabaltzeko, eta diziplina artistiko horren sustatzaile legez sendotu da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!