XX. Deiadar Mendien Eguna bagilaren 8an izango da Oizen

Bizkaie! 2025-05-14 10:58   Kulturea

Klub anfitrioiak, Alpino Tabirak, ibilbide zirkularra planifikau dau.

Adarraren soinuak Gernikan egiten ziran bileren deialdia iragarten eban eta bagilaren 8an, domekan, Oizera egingo dan igoeran Deiadar Mendien Eguneko XX. edizinora batzen diran personak orientauko ditu. Garai herria urteera eta helmugea izango da eta mendi martxa zirkularra egingo dabe.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko dei tradizionala Durangaldera bueltauko da (Oizera egindako azkenengo igoerea 2018an izan zan), azken urteetan beste lau deiadar tontorretara (Gorbeia, Ganekogorta, Kolitza eta Sollube), egin diran igoeren ostean. Holan izentau zituan Antonio Truebak XIX. mendean idatzitako kroniketan.
 
Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko lurraldeko bost mendi taldegaz lankidetzean gauzatuko dabe tradizinoa: Balmaseda Mendi Taldea (Balmaseda), Gailurra (Bilbo), Ganzabal (Lemoa), Sollube 707 (Bermeo) eta Alpino Tabira (Durango).

Aurtongo martxak Garaiko erdialdetik goizeko 09:00etan hasiko dan ibilbide bakarra izango dau. Oraingo honetan, klub anfitrioiak (Alpino Tabira) ibilbide zirkularra planifikau dau, iparraldetik Kantauri itsasora eta hegoaldetik Bizkaiko barrukaldera begiratzen dauen talaiaren inguruak ezkutetan dituan paisaia ederrak ezagutzeko.

Beste garai batzuetako kontakizun erromantikoak gogora ekarteko jardunaldian, 2004an Deiadar Mendien lehenengo edizinorako berariaz egindako adarra erabiliko da barriro. Eguerdiko 12:00etan Oiz mendiaren tontorrean adarren soinua entzun eta gero, atontzaileek jai gune txikia prestau dabe tontorretik gertu dagoan baseleizean. Ez dira faltako musikea eta mokaduak.

Protokolo ekitaldian, Durangoko Alpino Tabira mendi taldeak Ganekogorta mendirako igoerea atondu behar dauen Gailurra klubeko ordezkariari emongo deutso lekukoa. Igoera hori datorren urterako aurreikusita dago, egun bererako. Holan, deiadar mendietarako igoeren zikloagaz jarraituko da.

Deiadar Mendien Eguna martxa klasiko bihurtu da mendia eta euskal tradizinoak maite dituen personen artean. Igazko edizinoan ehundaka persona joan ziran Sollubera Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko deialdian parte-hartzeko, Antonio Truebak idatzitako kroniken arabera iraganean egiten ziran deialdiak gogora ekarriz. Une historiko bakotxean Bizkaiko herritarrak arduratu dituen gaiak aztertzeko Bizkaiko ordezkariak Gernikako Arbolearen azpian batzartzera joateko deitzen ebazan errituala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu