Bizkaiko Dantzari Eguna Lekeition izango da aurten

Bizkaie! 2025-05-13 08:31

Maiatzaren 18an, goizeko 10:30ean hasiko da kalejireagaz.

Bizkaiko jantzarien urteko jai nagusia da, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrean federautako jantza taldeen topaketea eta bilerarako gunea, 3.500 jantzari inguru batuko dituana. Goizeko kaljirearen ondoren, 11:30ean hasiko da jantza taldeen ekitaldia eta hor ez dira faltauko Eltzegoko Jantzak eta Lanestosako Danza de Varas edo Arku Dantza.

Gitxi gorabehera, hirurogehi ta hamar bat taldek parte hartzen dabe eta horreen aurretik atondutako jantzen egitaraua eskaintzea dabe helburu, talde guztiek urtean zehar egiten daben prestaketa eta lanaren ahalegina batzen dauena.

Asko dira saioak eta probak, prestaketa-egunak, jantzen errepertorioa ikaskea eta bestelakoak. Guztia jantzariaren eguna batera eskaini leikie ezohiko neurriak dituan oholtzan (futbol-zelaia), bertan dana ahalik eta ondoen urtetako saiatzen dira eta ondo egiteko ahalegina partaideek, edadea edozein dala be, erakusten daben gogoan islatzen da eta, ganera, taldeen prestakuntzea eta horreetako bakotxaren eta multzoaren kalidade mailea agirian geratzen dira, kalidade handiko momentuak, bikainak, miresteko aukerea izaten dogu.

Horrezaz gan, gure folklorearen balioak eta garrantzia txikienei, gurasoei, zaleei eta jenteari oro har helarazoteko be balio dau.

Urtero herri batean egiteak ekitaldi hau Bizkai osora eroatea ahalbidetzen dau eta dagoeneko lurralde osoan barrena ibili da. Era berean, 40 urte baino gehiago honeetan, ikusi eta bizi dabena asko izan dira, asko atontzen parte hartu dabenak eta asko laguntzen ibilitakoak.

Parte-hartzaileek, interes eta erantzukizun handiz, bizitako giro honen barruan, zergaitik ez esan, ospakizun, jai, dibersino eta jantzarako lekua be badago, ekitaldi nagusiaren ostean, arratsaldez, egiten diran erromerietan, bertan
jantzariek bikain pasetan dabe oso giro onean; aurten Luhartz taldeak ekingo deutso arratsaldeko 16:30ean.

Beste alde batetik, Lekeitioko alkate Ander Aldazabalek autortu dau ohorea dala hitzordu garrantzitsu hau herrian egitea, urbibilduaren 700. urteurrenean. Etorkizuna taldeko kideek urteetan zehar herritarren artean jantzak zabaldu eta erakusteko egindako lana nabarmendu dau, baita urtero Bizkaiko Dantzari Biltzarrak jantza taldeen arteko sarea indartzen egindako lanagaitik.

Kontuak kontu, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra da atontzailea eta babesleak, barriz, Lekeitioko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta BBK.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu